Idiazabalek 3.769.040 euroko aurrekontua izango du aurten
Iazkoaren antzekoa da aurtengoa ere: %0,54 igo da. Inbertsioak aurrekontu osoaren %5,56a izango dira. Alokairua sustatzeko kanpaina ere jarriko dute abian
Idiazabalgo udal aurrekontua iazkoaren antzekoa izango da. Hala azaldu du Iñaki Alberdi alkateak. Guztira, 3.769.040 euroko aurrekontua izango du Idiazabalgo Udalak 2020rako, hau da, iaz baino %0,54 gehiago. Inbertsioak aurten aurrekontuaren %5,56a hartuko du.
Pertsonal gastuetarako %24,61a erabiliko dute, 927.451,53 euro, alegia. Ondasun arrunt eta zerbitzuetarako gastuak 2.049.815,91 euro izango dira, aurrekontu osoaren %54,39a. Horrek hartuko du aurrekontu osoaren zatirik handiena, erdia baino pixka bat gehiago. Transferentzi arruntak, aldiz, %13,85a izango dira, 522.173,29 euro litzatekeena. Maileguentzako %1,59a erabiliko dute, hau da, 60.000 euro. Eta inbertsioetarako, berriz, %5,56a: 209.600 euro.
Iñaki Alberdi alkateak azaldutakoaren arabera, pertsonal gastuak iazkoaren antzeko mantenduko dira. Pertsonala indartzeko brigadako langile batekin «jakituri transferentzia» egingo dutela jakinarazi du. Lehenengo sektorearen inbertsioa ere iazkoaren antzekoa izango da; ingurumenerako beste perfil bat bilatuko dutela eman du aditzera.
Bestalde, ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuen barnean, bi aipamen egin ditu Alberdik. Batetik, Sasieta mankomunitateko kuotak gora egin du: %6 igo da hondakinen zerbitzuaren kuota. Bestetik, alokairua sustatzeko kanpaina ere jarriko dute abian, libre dauden etxebizitzak erabiltzeko helburuarekin.
Zehaztutako inbertsioak
Inbertsioei dagokienez, hainbat proiektutara bideratuko dute dirua. Alde batetik, iaz esleitu zen Gurutze Berri auzoko proiektua dute martxan; Idiazabalgo auzorik zaharrenetarikoa da hau, eta berrurbanizatzeko proiektua egingo dute. Eduardo Irizar kaleko berrantolaketarako ere beste partida bat gordeko dute. Bestetik, eskola modernizatzeko asmoa azaldu du alkateak: «Uda aldera izango da», adierazi du.
Gizarte proiektuentzako ere beste partida bat izango du udalak. Berdintasun diagnostikorako gordeko dute zati bat. Kultur astea berreskuratzeko asmoa adierazi du alkateak: herriari bizia emateko kultur ekintzetarako beste partida bat gordeko da. Bestalde, auzoetako inbertsioetarako partida bat gordeko dute, eta herriko obra txikietarako beste bat; diru hori espaloiak edo bankuak hausten direnean konpontzeko erabiliko dutela jakinarazi du Alberdik.
Adostutako aurrekontua
EH Bilduko sei zinegotzi eta Izal Bai alderdiko bost zinegotzi ditu Idiazabalgo Udalak. Aho batez onartutako aurrekontua izan dela azaldu du alkateak: «Zuzenketa pare batzuk adostu eta akordioa lortu genuen», adierazi du.