Iñaki Murua lehendakari
Iñaki Muruak 2005eko otsailean hartu zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza. Imanol Lazkano ordezkatu zuen. Gabiriako bertsolariak 13 urte eman zituen karguan
Goierritar askok gogoan dute oraindik, Imanol Lazkanok Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua Iñaki Muruaren eskuetan utzi zuenean gabiriarrari eman zion besarkada estua. Atzo izan zela dirudi, baina 15 urte pasa dira jada.
Kargua hartu eta gutxira, Estitxu Imazek elkarrizketa egin zion Muruari. 2005eko otsailaren 22ko GOIERRIKO HITZAn argitaratu zen. Muruak Lazkanok egindako lana goraipatu zuen eta ekarpenak gauzatzen ahaleginduko zela aurreratu zuen. Urte hartan, lehenengoz, Txapelketa Nagusiko finala Bilbao Exhibition Centre-n jokatu zen.
Bertsolaritzak ez dio hizpide izateari utzi eta Beasain-Bergara errepideak ere ez. Aldundiak bidesariak jartzeko asmoa azaldu du eta horrek haserrea piztu du. 2005eko otsailean ere errepide hori albiste izan zen: aldundiak Zumarraga-Bergara errepide zatiaren proiektua onartu zuen.
Politikari dagokionez, 2005eko otsailaren 20an Europako Konstituzioari buruzko erreferenduma egin zen. Goierritarrek ez zuten gogo handiz hartu erreferendum hura: 10.664 lagunek aldeko botoa eman zuten, 9.616k kontrako botoa eman zuten eta 33.102 goierritar abstenitu egin ziren. Abstentzioa %61ekoa izan zen.
Duela 15 urteko otsailean 18/98+ makrosumarioaren aurkako manifestazioa egin zen Bilbon. Maider del Olmo kazetariak elkarrizketa egin zion Xaki auzian inputatua zegoen eta 18/98+ plataformako kidea zen Mikel Korta ordiziarrari.