Kontaketa onerari saria
Ordiziako Kimetz emakumeen elkarteak 26. Kontaketa Lehiaketa antolatu du. Datorren apirilaren 20ra arte bidali ahalko dira lanak. Euskarazko lanak jasotzeko deialdi berezia egin dute
Ordiziako Kimetz emakumeen elkarteak kontaketa lehiaketa antolatu du. Ibilbide luzea duen lehiaketa da, aurtengoa 26. jardunaldia baita. Parte hartzeko epea irekita dago, eta apirilaren 20a baino lehen bidali behar dira lanak, Ordiziako Barrena kultur etxera.
Kimetzek antolatutako kontaketa lehiaketaren deialdi berriaren aurrean, elkarteko kideek ekimena nondik nora sortu zuten kontatu dute: «Literatur tertuliak egiten hasi ginen hilean behin, Luisa Etxenike idazlearen laguntzarekin». Helburua irakurtzeko ohitura sustatzea zen, eta horrez gain, «modu kontziente batean irakurtzen ikastea». Hilabetero-hilabetero egiten zituzten tertuliak, eta gaur egun oraindik egiten dituzte hilabetean behin.
Tertulietatik abiatuta, pauso bat gehiago eman zuten: «Pentsatu genuen, ederki idazten duen jendea badagoela, baina idazlan horiek, etxeko kajoian gordeta gelditzen direla». Hala, lehen kontaketa lehiaketa antolatu zuten, duela 26 urte. Arrakasta handia izan zuen, idazlan kopuru handia jaso baitzuten; hasi zirenetik, «100 idazlanen bueltan» jaso ohi dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lanak aurkez daitezke. Horren harira, eta ikusita gaztelaniaz idatzitako lanen kopurua nabarmen altuagoa dela, Kimetzeko kideek deialdi berezia egin dute, euskarazko modalitatean jende gehiagok parte har dezan.
Lehiaketaren oinarriak
Lehiaketan 18 urtetik gorako edonork parte har dezake. Aurkeztutako lanak orijinalak izan beharko dira eta gaiari dagokionez, librea izango da. Gutxienez, bost eta hamar orri bitartekoa, euskaraz zein gaztelaniaz.
Lan bakoitzaren hiru kopia entregatu beharko dira. Testuak izengoitiz izenpetuko dira, eta kartazal itxi baten kanpoaldean jarriko da kontaketaren izena eta izengoitia. Kartazal barruan, berriz, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa azaldu beharko dira.
Idazlan onenen aukeraketa, literatur munduko adituek egingo dute, Luisa Etxenikek, Eli Tolaretxipik eta Felipe Juaristik.
Euskarazko lan onenak eta gaztelaniazko lan onenak jasoko dute saria. Bietako bat emakumezkoa ez bada, accesit saria emango diote emakume batek idatzitako kontakizun onenari. Ordiziar batek idatzitako kontaketa onenak ere saria izango du.