M-galdera lehiaketak kale izendegiko arrakala salatuko du
'Emakumeak kalez kale' da aurtengo gaia. Emakume izena daramaten bost kale asmatu beharko dira. Martxoaren 5ean izango da sari banaketa eta hitzaldia
Beasaingo Udal Euskaltegiak antolatzen duen M-galdera lehiaketa datorren asteartean hasiko da. Aurtengo gaia Emakumeak kalez kale da, eta Euskal Herrian zehar kale bat duten bost emakume asmatu beharko dira. «Beasainen soilik lau kalek dute emakume izena. Ez da kasualitatea, inguruko herrietan berdina gertatzen delako. Errealitate hau azalerazteko aprobetxatuko dugu aurtengo lehiaketa», azaldu du Marian Toledo udal euskaltegiko arduradunak.
«Lehiaketaren helburua itzalean gelditutako emakumeen lana argitara ateratzea da», gogoratu du Toledok. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, eta beti ofizioekin ibili dira jolasean: idazleak, kirolariak, baserritarrak… «2012. urtean hasi ginen M-galdera lehiaketa antolatzen. Orduan, emakume zientzialariei buruzko erakusketa bat zegoen herrian, eta jabetu ginen lan asko egin arren emakumeen lana beti ezkutuan uzten dela. Era dibertigarri batean buelta ematen diogu egoerari».
Sari sozialen bitartez bost galdera zabalduko dituzte astean zehar. Galdera bakoitza emakume bati lotuta dago. Gehien asmatzen dituenak saria eramango du: zeramikako oroigarri bat. «Bi sari banatzen ditugu: bata euskaltegiko ikasleentzat, eta bestea gainerako herritarrentzat». Hasieran ikasleen arteko jolasa zen, baina arrakasta ikusita Beasain osora zabaldu zuten ekimena. «Saria gutxienekoa da», kendu dio garrantzia.
Sari banaketa martxoaren 5ean izango da. Bertan, hitzaldiak ere egongo dira: «Seguran kale izendegiaren inguruko lanketa feminista bat egin dute, eta bertako esperientzia ekarriko dugu», aurreratu du Toledok. Donostian ere emakume izena daramaten kaleen arteko ibilbide bat antolatu du mugimendu feministak, eta ideia Goierrira ere ekarri dute. Beasaingo kaleren bati izena ematen dien emakumeen inguruko saio bat ere prestatzen ari dira euskaltegian.
Izen emateak, behera
Toledok aitortu du euskaltegietako izen emate kopurua ez dela garai batekoa. «Ez soilik Beasainen, Euskal Herri osoan doaz beheraka». Hezkuntzan emandako aurrera pausoei esker geroz eta jende gehiagok dakiela euskaraz dio arduradunak, eta beharra txikiagoa dela. «Erabilera beste kontu bat da», nabarmendu du. Halere, oraindik euskaltegira jendea gerturatzen dela aipatu du: «Euskara ikasi nahi duten etorkinak, titulazioren bat atera nahi duena… askotariko jendea etortzen da».