Udalgintza jardunean «jauzi bat» egiteko prozesuan da EH Bildu
EH Bildu koalizioak udalgintzan zentratutako eta eskualde osoko hedadura duen prozesua hasi du, hiru fasetan.
Ekainean beteko da urtea udalek 2019-2023 agintaldiko laurdena osatuko dutena. Ordurako, «praktika munizipalistan jauzi bat» emateko asmoa dauka EH Bildu koalizioak. Udalgintzan zentratutako eta eskualde osoko hedadura duen prozesua hasi du, hiru fasetan garatuko duena.
«Udalgintzako ziklo berriaren lehen urte hau momentu aproposa da jauzi bat emateko», zehaztu du alderdiak. Lehengo asteazkenean Lazkaoko Areria aretoan elkartu ziren EH Bilduren Goierriko 35 hautetsi eta kide, «elkarlanean Goierri hobetzeko jarraitzeko» lehen topaketan.
EH Bilduk iazko irailean onartu zuen Bizitzak eta lurraldeak ehuntzeko udalgintza herrigilea ebazpenean oinarrituko dute udaletako jarduna, etorkizun hurbilerako. Orain hasi duena, alderdikideei ezagutarazteko eta ahalduntzeko prozesua da.
Ekainera arte, beste bi saio
Otsailean lehen saioa eginda, martxorako eta maiatzerako aurreikusi ditu koalizioak hurrengo bi hautetsi-topaketak. Prozesua ekainean amaituko du, EH Bilduren I. Konferentzia Munizipalista ospatuta.
«Azken zortzi urteetan esperimentazio lan handia egin dugu, eta egitasmo aberatsak utzi ditu. Inertziak kudeatzeko ez, baizik jauzi kualitatibo bat emateko garaia da», adierazi du EH Bilduk.