400 korrikalari baino gehiagok eman dute izena Ehunmiletako lehen tartean
Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan ere jendetzak eman du izena. Dortsal guztien %88a banatu da jada, eta aurten ere dortsal guztiak banatuko dira ezusteko handirik ezean.
Ehunmilak Ultra Traileko lehen izen emate tartean 408 korrikalarik eman dute izena eta beharrezko dokumentu guztiak aurkeztu. Kontuan izanik ultra trailean 515 dortsal banatzen direla asko jota, aurten ere guztiak banatuko direla aurreikusi daiteke.
Gipuzkoako 2 Handiak eta Marimurumendi Mendi Maratoia probetan ere izen ematea arrakastatsua izan da. Lehen egunean bete ziren eskuragarri zeuden dortsal guztiak. Hala, %88a banatu da jada. Orain, itxaron zerrenda luzea da: Goierriko 2 Handietan 236 korrikalari daude zain, eta Marimurumendi Mendi Maratoian 115.
Ekainaren 3ra arte eman daiteke izena hiru probetan. Orain arte Ehunmilakeko izen emate prezioa 137 eurokoa zen, G2h-ekoa 85 euro eta Mmm-koa 40koa. Gaurtik aurrera, 152, 100 eta 45 eurotara igo dira prezioak, hurrenez hurren. Apirilaren 2tik aurrera 172 eurotara igoko da Ehunmilakeko izen emate prezioa.
Izena emateko ordainketa egitea ez da nahikoa, osasun agiriak aurkeztu behar baitira segurtasun arrazoiengatik. Zehazki, antolakuntzak emandako mediku txostena eta atseden egoeran egindako 12 deribaziotako elektrokardiograma antolakuntzari helaraztea ezinbestekoa da. Horrez gain, urtebete lehenagoko iraunaldia duen osasun-txostena eta elektrokardiograma ere nahitaez aurkeztu behar dira.