Barazkien kultura eta ezagutza zabaltzen
Mihilu erraboila, arbi eta aza mota berriak, perrexil hezea, xaiota... poliki-poliki barazki aukera ugaritzen ari da.
G oiz hotza, aurten gutxi izan ditugun bezalakoa: 4 gradu 07:30ean eta batere mugitu gabe segitzen zuen 10:30ean ere. Halere, atzokoa normaltzat jo zitekeen eta ez asteburuan izan ditugun adinako beroak. Juan Gamio zuhaitz landare saltzaileak garbi adierazi duena gertatzen ari baita: «Oso aurreratuak datoz arbolak, ez dute neguko hotzik sentitu, ez dira gelditu eta ondorioz ez datoz beharko luketen bezain indartsu». Oraindik aste pare batez etorriko dela zioen, «igual martxoko lehenean ere bai baina ia zuhaitzak landatzeko garaia bukatzen ari da».
Barazki aukera aberasten
Azken urteetan poliki ari da ugaritzen barazkien aukera. Mota berriak lortzea errazagoa da. Bidaiaren bat egin eta handik ekarritako hazia etxean ereinez, bezeroren batek ekarritakoa, internet bidez erositakoa… Eta bezeroak hemengoak eta kanpoko jatorrikoak nahasten direnez elkarrengandik zer ikasia badugu. Hala, xaiota nola erabili ikas daiteke, edo kale azaren propietate aberatsen berri eta abar.
Eta atzo esate baterako mihilu erraboilak (euro bat bakoitza) ikusi genituen Aramako Arantxa Zurutuzaren mahaian. Anis gustua du, hemen ez da hain ezaguna, baina erraboila tipula moduan presta daiteke. Hostajea bera nonahi sortzen bada ere erraboiladuna hazitik ekarri dute Zurutuzatarrek.
Aramakoaren mahaian eta argazkia lekuko hemengo baratzean eta negutegirik gabe garai honetan izan daitezkeen barazkien lagin aberatsa aurkitu dugu: zerba gorria eta berdea, porrua, azalore, aza, bruselaza, arbi zuria, erremolatxa, kale aza, borraja eta mihilu erraboila. Aparte mahaiz mahai, txikoria, eskarola, azenariotxo batzuk, hasi berri diren tipulinak, baratxuri freskoak ikus daitezke. Orain ilar berrien zain.
Maria Teresa Jauregirik ez
Bestalde, Maria Teresa Jauregik etortzeari utzi dio. D’Elikatuzek emandako informazioari esker jakin dugu Maria Teresa Aiako Iruetaetxeberri baserrian jaio zela 1948ko martxoaren 1ean. Handik atera zen Anoetako Mendibel baserriko Jesus Artolarekin ezkondu zenean eta bertan bizi dira orain ere. Bere amaginarreba Donostiako Bretxara joaten zen baserriko produktuak saltzera: sagarrak, gaztainak, babarrunak, patatak…
Maria Teresa izan zen geroago Tolosako azokara lehenbizi eta gero Ordiziako eta Andoaingo azoketara etortzen hasi zena. Orain dela urte dezente An- doaingoa utzi bazuen ere, Ordizian 43 urte egin ditu asteazkenero baserriko produktuekin etortzen orain hilabete gutxi arte. Ea orain saltze lanak utzita ere feriaz gozatzen noiz nahi ikusten dugun beste askok egin duten gisan.