Legorretan, inauterietan Tolosan bezala
Ugaro herri eskolakoek inauteri desfile koloretsua egin dute, 'lanbideak' gaitzat hartuta. Ikastetxetik frontoira kalejiran joan, eta ikuskizuna eskaini diete gurasoei eta aitona-amonei.
Inauterietan Euskal Herriko hiriburua Tolosa da. Eta gertuen dagoen Goierriko herria, Legorreta. Horrenbestez, inauteri uholdea Orian gora iritsi da gaur Legorretaraino, eta mozorrotuek koloreztatu dituzte kaleak.
Ugaro herri eskolako ikasle eta irakasle guztiak irten dira 15:00ak aldera kalera. Ume txikienak aurretik hartuta, eta inauterietako biribilketa-doinuak megafoniatik zeriela, desfilea egin dute. Lanbideak hartu dituzte festarako gai. Denetarik bazen: meatzariak, margolariak, garbitzaileak, suhiltzaileak, postariak… taldeka edo gelaka desberdinduak.
Kalean pare bat buelta egin, eta frontoian elkartu dira denak. Gurasoak eta aitona-amonak zain zeuzkaten ordurako.