Sahara gogoan izateko proba
Igandean egingo dute Ormaiztegin 14. Sahara Krosa. Probaren egunera arte eman ahal izango da izena. Bi ibilbide daude aukeran. Bildutako dirua Saharara bidaliko dute

Igandean, otsailaren 23an, Ormaiztegiko kaleak korrikalariz beteko dira. Beste urte batez, otsaileko azken igandean jokatuko da Sahara Kros Mohamed Salem Hack Embarek oroimenezkoa eta lasterketa herrikoia. Saharak bizi duen egoera gogorarazi eta salatzeko balio izango du eta, gainera, diruz ere lagunduko diete, lasterketaren izen ematean lortutako dirua Saharara bideratuko baitute. 11:00etan hasiko da proba nagusia.
Izena eman nahi duenak oraindik badu aukera egiteko. kirolprobak.com webgunean egin behar dute, edo egunean bertan jarriko dituzten mahaietan, 09:30etik 10:20era bitartean. Bi zati izango ditu probak. Alde batetik, lasterketa luzea, 10 kilometrokoa. Eta bestetik, 5,4 kilometrokoa. Gainera, lasterketa testimoniala ere egingo dute proba nagusia amaitzean. Kilometro bakarrekoa da azken hori, proba nagusia gehiegi iruditzen zaienek ere festa giroaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Iaz 115 korrikalarik hartu zuten parte proban. Hossain Kaanache Amghirate izan zen irabazlea, eta emakumeen artean, berriz, Maite Arraiza Aramendia izan zen garaile.
Probaren 14. edizioa izango da aurtengoa. 2006. urtean erabaki zuen ekimena martxan jartzea herritar talde batek, Ormaiztegiko Udalak babestuta. Saharako herritarren egoera salatzea, gogoraraztea eta bertara bideratzeko dirua biltzea da ekimenaren helburua. Urtebete lehenago, 2005an, Mohamed Salem Hach Embarek hil zen. Ormaiztegin bizi zen, eta diplomazia lanak egin zituen munduan zehar 1976. urtetik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari gisa. Haren omenez egiten dute lasterketa.
Ur edangarria eramateko
Iñaki Amundarain antolakuntzako kideak azaldutakoaren arabera, iaz lortutako dirua 5.500 euro ur edangarria erosteko erabili zuten. Bidoiak erosi eta bertara eramateko: «Errefuxiatu guneetan berez ezer ez dago, eta guztia kanpotik ekarri behar izaten da; oinarrizkoenak diren gaiak ere bai», eman du jakitera. Aurtengo irabaziek antzeko xedea izango dute. Amundarainek agertu du ez dagoela guztiz haien esku nora bideratuko den erabakitzea; Gipuzkoako Saharar herriaren aldeko elkartearen esku uzten dute, haiek Saharako gobernuarekin harremanetan jarri eta erabaki dezaten.
45 urtez Tindufen
«Mendebaldeko Saharan 1975etik konpondu gabeko egoera politiko bat dago», azaldu du Amundarainek. Urte asko dira dagoeneko: 45 urte, hain zuzen ere. Espainiako gobernuak urte hartan Marokoren eta Mauritaniaren esku utzi zuen Mendebaldeko Saharako lurraldea, eta errefuxiatu saharauiarrek ordutik daramate Argeliako Tinduf eremuan jarritako kanpamentuetan. «Nazio Batuen Erakundeak erreferenduma egiteko ebazpena egin zuen, baina oraindik ez da gauzatu», esan du, eta bitartean «200.000 lagun inguru» daudela desertuaren erdian gehitu du, garapenerako aukerarik gabe. Lasterketan parte hartuz eta diru laguntzak emanez lagundu daiteke.