Trenak dakartzan pertsonaiak eta istorioak
Ormaiztegiko San Andres eskolako ikasleek inauterietako ikuskizuna egin dute, trena eta herriko pertsonaiak oinarri hartuta.

Trenak gauza asko ekarri ditu Ormaiztegira, eta herria munduari irekitzeko ate bat izan da. San Andres herri eskolako ikasleek ere, munduari atea zabaldu diote gaurko inauteri ikuskizunarekin. Herriko pertsonaia eta gertaerak oinarri hartuta ekin diote, eta trenez mundu osotik etorritako bisitariak irudikatuz osatu dute saioa. Izagirre anaiak, alkatea eta udal langileak, Soto intxaur puskatzailea, edota dantzariak izan dira mozorrotzeko hartutako gaietako batzuk, baita herrialde ezberdinetatik etorritako turistak ere.
Eguerdian ikuskizun bizi eta koloretsua osatu dute Zubipe kiroldegian. Arratsaldean berriz, Guraso Elkarteak antolatutako festa izango dute, DJ, merienda eta guzti.