CAF enpresari "apartheidaren trena" uzteko eskatu diote
Euskal Herriko 75 elkartek bat egin dute "CAF jaitsi apartheidaren trenetik" manifestuarekin. Nazioarteko zuzenbidea bete eta Jerusalemngo tranbiaren proiektutik atera dadila eskatu diote tren konpainiari, "Palestinaren okupazioaren konplize" izateari utzita.
Gero eta gehiago dira CAF eta Shapir enpresek egin asmo duten Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuaren kontra altxatzen ari diren ahotsak. Gaur, Euskal Herriko 75 elkartek eta dozenaka eragilek babestu duten CAF utzi apartheidaren trena izeneko dokumentua manifestua aurkeztu dute Ordizian. Goierriko nahiz Euskal Herriko hainbat tokitatik elkartutako ordezkariak bildu dira Barrena jauregian, beste behin ere, CAF enpresari proiektu hori baztertu dezala eskatzeko.
Asier Alvarez de Eulatek eta Gurutze Irizarrek irakurri duten agirian, CAF enpresari “nazioarteko zuzenbidea bete dezala” eskatu diote, eta hortarako, “Jerusalemgo tranbiaren proiektutik atera dadila, Palestinaren okupazioaren konplize” izateari utzita. Izan ere, “nazioarteko legediaren aurkako proiektua” dela gogorarazi dute, herri palestinarraren eskubideak urratu eta “Jerusalem eta legez kanpoko kokagune israeldarrak batzea” baitu helburu. Izan ere, “1.800 milioi dolarretako kontratu hau tren arina legez kanpoko kokagune israeldar gehiagotara zabaltzeko” dela gogorarazi dute, batez ere, Jerusalem ekialdera.
Lurralde palestinarrean finkatuta dauden kolono israeldarren kokaguneak “legez kanpokoak” direla ohartarazi dute, Ginebrako IV. Konbentzioak dioena urratzen baitute. Hala, tranbia hori “apartheid israeldarraren isla gordina” dela salatu dute. Nazioarteko legediaz gain, CAFek bere jokabide etikoa ere urratu egin duela diote, bere barne araudian, “edozein jarduera legeekiko, giza eskubideekiko eta askatasun publikoekiko erabateko begirunearekin” egin behar dela zehazten baitu.
Hainbat enpresak atzera egin dute
Lizitazio prozesuan, nazioarteko hainbat enpresa garrantzitsuk lehiaketatik ateratzea erabaki zuten; horietako batzuk dira Bombardier, Macquaire, Siemens, Alstom eta Systra. Beasaingo CAF lantegiko enpresa batzordeak eta Zaragozako CAF lantegiko bi sindikatuk proiektutik atera dadila eskatu diote CAFen zuzendaritzari. Hala ere, “langileen eta gizarte zibilaren eskaerei muzin eginez, CAFek kontratuan parte hartzen jarraitzea” erabaki du. Horrek, CAF “Palestinako okupazioaren konplize” bihurtzen duela azaldu dute. Kontrako bidea hartu dutenen artean, Frantziako Veolia enpresaren aurrekaria aipatu dute: “Israelen zituen inbertsio guztiak saldu behar izan zituen, Jerusalemgo tranbiarenak tarteko, Estatu israeldarrari Boikota, Desinbertsio eta Zigorrak (DBZ) kanpainaren ondorioz jasan zituen milioikako galerengatik”. Hori guztia dela eta, CAFi ere, tranbia horren proiektuari uko egiteko eskatu diote.
Arabako Hala Bedi irratikoek egindako bideo-erreportajearen laburpen bat ere eskaini dute, agerraldiaren ondoren. Bideo osoa, Hala Bedi irratiaren youtubeko kanalean dago ikusgai.