Feminismoz betetako latak
Hego Euskal Herriko hainbat herritan edarien eta jakien latekin egindako mezu feministak agertu dira hormetan, tartean Beasainen, Lazkaon, Urretxu-Zumarragan
Herrietako hormen adierazkortasuna eremu murriztuetara mugatuta dagoen honetan, han hemenka mezu feministak agertu dira paretetatik zintzilik. Besteak beste, Beasainen, Lazkaon eta Urretxu-Zumarragan. Eraso sexistarik ez, nirea naiz ez zurea eta bizirik nahi gara mezuak irakur daitezke, zehazki. «Lataratutako inkonformismoa da gurea. Gizartearen indibidualismoari eta axolagabetasunari aurre egin nahi diogu, eta heteropatriarkatuaren erruz beldurtuta, bakarrik eta estigmatizatuta sentitzen den orori babesa adierazi», azaldu dute ekimenaren atzean dauden artistek. Relata izenez sinatzen dute, eta ez dute izen propiorik eman nahi latak itsasteagatik autoritatearekin arazoak izan ditzaketelako. Halere, «herritarrengandik jaso dugun babesa ikaragarria izan da. Une jakin batzuk kenduta, gure lana beti errespetatu dute eta eskerrak emanez ere idatzi digute», kontatu dute artistek. «Heteropatriarkatuaz gogaituta gauden talde bat gara, eta etengabe gogorarazi nahi dugu», definitu dute euren burua.
Sare sozial desberdinen bidez zabaltzen dituzte euren lanak. «Ikusleari barruan zerbait eragin nahi diogu. Bakoitzaren jokaerak ezbaian jarri eta zer pentsatua eragin».
Aurrera egiteko indartsu eta gogotsu daude, eta mezu gehiago egongo direla zin egin dute. «Jarraitzaileek beraien gertakizunak kontatzen dizkigute, eta tokian bertan jartzen ditugu latak, gune ikusgarri batean. Saiatzen gara ahalik eta kalte txikiena eragiten, baina batzuetan ez da posible». Egunero igotzen dute mezu feminista bat sare sozialetara, «borroka egunero egiten delako».