Goñiren omenezkoan pilotari afizionaturik onenak elkartuko dira
Bihar hasiko da txapelketa; lau t'erdian eta binaka jokatuko dute. Iraitz Zubizarreta ataundarra da faborito nagusia binakakoan.
Bihar Xabier Goñiren oroimenezko 29. pilota txapelketa hasiko da Zumarragako Beloki pilotalekuan. Aurten ere afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute. Partidak asteazkenetan izango dira, 18:30ean.
Txapelketa larunbatean aurkeztu zuten, Antioko interpretazio zentroan. Ekitaldian, antolatzaileek, babesleek, Mikel Serrano alkateak eta txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk parte hartu zuten.
Azken urteotako legeari jarraituz, pilota jaialdiak Beloki pilota eskolako haurren partida batekin hasiko dira. Ondoren, txapelketako partidak jokatuko dira: promesa mailakoek lau t’erdikoa jokatuko dute eta elite mailakoek binakakoa.
Primerako pilotariek parte hartuko dute: maiatzaren 8an Baikorekin profesional mailan debuta egingo duen Iraitz Zubizarreta ataundarra, Endika Uriondo, Iker Mariezkurrena, Andoni Gaskue, Eneko Labaka, Julen Alberdi…
Bihar, pilota eskolako haurren partidaren ondoren, Olaetxeak eta Hormaetxek lau t’erdiko partida jokatuko dute. Binakako txapelketari dagokionez, Alberdik eta Mariezkurrenak, Mata eta Gaskueren aurka jokatuko dute.
Final laurdenetako gainontzeko hiru partidak martxoaren 4an, 11n eta 18an jokatuko dira, finalerdiak martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean eta finala apirilaren 8an.
Gorriek Zumarragako Mendizabal abokatuaren publizitatea eramango dute aurrealdean eta Pujol enpresaren atzean. Urdinek Pujolena aurrealdean eta Mendizabalena atzealdean.
Txapelketa hau Xabier Goñi zenaren omenez antolatzen da. Goñi profesional mailako pilotaria eta Beloki pilota eskolako entrenatzailea zen. 1990ean hil zen, istripu batean. 1992tik txapelketa hau antolatzen da bere oroimenez.
Antolatzaileek azken urteetan antolaketa lanetan lagundu dutenei omenaldi xume bat egin zieten larunbateko ekitaldian: Asier Intxausti, Ander Gabirondo, Igor Susaeta, Mikel Rodriguez, Mikel Zabalo eta Josu eta Iñigo Vianari txapelketako kamiseta bana oparitu zieten.