Lazkaoko taldeak azken talo festa
Abenduan egin zuten Lazkaoko Talogileek azkeneko eginaldia. 35 urtean talo egiten herrietan eta festetan ibili eta gero, erretiroa hartzea erabaki dute. Helburu solidarioarekin ibili dira beti.
Lazkaoko Talogileak taldeak utzi dio talo egiteko zereginari. Azkeneko 35 urtean herriz herri eta festaz festa ibili ondoren, Donostiako San Tomas ferian egin zuten azkeneko eginaldia, abenduaren 21ean. Ibilbide luze, emankor eta borondatetsu bati amaiera eman diote, adinak behartuta hein batean, eta helburu hartu zuten musika eskolaren finantzazioak beharrik ez duelako izango aurki —ekainean bukatuko dira solfeo eta txistu ikastaroak ere—.
Lazkaon musika ikasteko gaur egungo aukerarik ez zegoen garaian, musika eskola sortzen eta aurrera eramaten aitzindari izan zen guraso talde bat. «Behar larriak sorrarazi zigun musika eskolak. Etxeetan soldata bakarra zegoen orduan, eta denera ezin zen iritsi. Solfeoa, txistua eta instrumentazioa ikasteko eskola zen, eta harentzat dirua lortzeko hasi ginen talo egiten», azaldu du Valentin Roperok.
Fanfarre edo txaranga konpletoa osatzera iritsi ziren, oinarri hartatik. Nazioarteko jaialdietara joaten zirenean, inoiz talogileek ere lagundu zieten; Bretainiara edo Kataluniara, kasu. Baina Euskal Herria zeharkatu dute, batik bat, 35 urteotan. «Joateko eskatu diguten eta beharra zeukatela ikusi dugun leku guztietara joan izan gara», dio Mila Aldasoro talogileak.
Musika eskolarentzat dirua biltzeaz gain, elkartasunez ere egin baitituzte taloak lazkaotarrek, hainbat elkarte eta erakunderentzat. «Korrikarekin beti kolaboratu izan dugu. Ikastolen Hegoaldeko lau jaialdietan ere urtetan izan gara, erdi bana». Antsoategi elkarteari ere laguntza eman zioten sorreran, adibidez; eta azken urteetan Aspanogi elkarteari ere bai. Baita Astotxo eguneko asto lehiaketari ere. «Hatzak ondo harrapatu genituen hasieran. Zorra egiten zen. Taloek salbatu zuten Astotxoko asto lehiaketa», dio Joxpi Intxaustik.
Estimatuak toki askotan
Donostian bukatu du Lazkaoko Talogile talde beteranoak bere ibilbidea. Ez kasualitatez. Urteko azkena izateaz gain, oso estimatuak sentitu dira hiriburuan. «Mimatu egin gaituzte han». Donostiarrei eskerrak emateko, talogileek eurek koadroa oparitu zieten, gainera, kide batek egina.
Santa Lutzi, Ordiziako iraileko feria eta San Tomas izan dituzte feria jendetsuenak. Donostian, adibidez, 1.200-1.300 talo egin ohi zituzten. Azkeneko San Tomasean, adibidez, 1.100. Horretarako, hamabost laguneko taldea mugitzen zen Lazkaotik. «Dena borondatez egin dugu guk, ez dugu soldatarik kobratu. Urtean egunpasa bat Errioxan, horixe zen gure jornala», dio Aldasorok.
Lazkaon bertako festez eta urtean hartu ohi zituztenez gain, ez dira eskatutako leku guztietara joan. Beti helburu solidarioa izan dute buruan, beraien musika eskola ahaztu gabe, noski. Eta, galerak gutxitzeko, lehengai kantitatea neurrian eramaten saiatu izan dira, soberan ez geratzeko. Motz ere sarri geratu izan ziren, hasieretan batez ere. «Baina laguntzaileak asko izan ditugu, irin gehiagorekin joateko prest zeudenak».
Bero sapak, hotzak, postua jartzen utzi ez zieten Kilometroak pare bat, ilara amaigabeak eta hamaika istorio dituzte gogoan Lazkaoko talogileek. Euren taloak probatutakoek, ongi egindako lanaren zaporea ere bai.
Gazte Asanbladak segimena hartuko ote duen nahi dute
Talogile bezala hartu duten ospea eta izen ona bere horretan ez urtzea. Horixe da Lazkaoko Talogileek duten kezka. Sortzaile eta 35 urtean lanean aritu direnek uzteko pausoa eman dute, baina jarraipena nolabait ziurtatzen saiatzen ari dira. Lazkaoko Gazte Asanbladakoekin bilera batzuk egin dituzte, ea gazteek hartzen duten ondorena. Itxaropentsu daude beterano batzuk, ez hainbeste beste batzuk.
Elkarte gisa erroldatuta, Ogasun eta Gizarte Segurantzetan paperak zuzen, eta talo egiten herririk herri ibiltzeko behar den guztia badute: furgoneta, hozkailu, estalpe, su, txapa eta bestelakoak.
«Badakigu gazteek ezingo dutela gu ibili garen toki askotan egon, lanagatik. Baina nahiko genuke jarraitzea, euren kasara. Gu laguntzeko egongo gara, behar dutenetarako».
Azken urteetan, gazte batzuk ibili dira Lazkaoko Talogileekin postuan ikasten, eta eginaldi batzuetan lagundu diete. Lana eta borondatea lagun, jarraitzeko modua badago.