Osasuna, haurrekin komunikazioa eta turismoa
Osakidetzako langileak lanuzteak eta protestak egiten ari ziren, gaur 15 urte. Urretxu-Zumarragan, umeekin masaje bidez komunikatzeko tailerra jarri zuten martxan. Zerainen, turismo bulegoa eta denda martxan ziren.
Osakidetzako osasun zentroetako langileek lanuzteak egin zituzten gaur 15 urte, Kalitatea bai zuretzat, bai niretzat lemapean. ELA, SATSE eta SME sindikatuek deitu zuten protesta, eta haien arabera, jarraipena %85ekoa izan zen osasun zentroetan, eta %65ekoa ospitaleetan. Beasaingo osasun zentroan eta Zumarragako ospitalean (argazkian), elkarretaratze jendetsuak egin zituzten. Jaurlaritzak aldiz, oso bestelako datuak eman zituen, %34koa eta %7koa, hurrenez hurren.
Urretxu-Zumarragan, ume jaio berriei masajeak eman eta haiekin komunikazioa lantzeko tailerra jarri zuten martxan. Nerea Mendizabalek gidatuta, zortzi guraso eta haien seme-alabak hasi ziren aurreneko saioetan. Masajea “haurrarekin komunikatzeko beste modu bat bezala erabiltzea” zen proiektu haren helburua, Mendizabalen arabera. “Haurrarekin kontaktua, begirada eta aurpegiko espresioa lantzen dira teknika honen bitartez”.
Zerainen duela gutxi zabaldu dute herri denda berriz, hainbat urtez itxita egon eta gero. Turismo bulegoaren lokalean jarri dute, plazatik metro gutxira. Denda horren sorrera, ordea, lehenagokoa da. Duela 15 urteko kronikak jasotzen duenez, 1996an jarri zituzten bi zerbitzuak martxan. Turistei informazioa emateaz gain, bertako produktuak, elikagai ugari eta artisautza produktuak eskaintzen hasi ziren.