SukaldAnitzak egitasmoren bigarren edizioa antolatu dute
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak bigarren urtez antolatu du SukaldAnitzak sukaldaritza tailer multikulturala. Hiru saio egingo dituzte, larunbatean hasita.
Iazko harrera ona ikusita, Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak SukaldAnitzak sukaldaritza tailer multikulturala antolatzea erabaki du aurten ere.
Hiru euskal sukaldaritza tailer eta hiru munduko sukaldaritza tailer egingo dira. Guztiak herriko boluntarioek emango dituzte Urretxuko hainbat elkartetan.
Dagoeneko Goierri elkartean emango diren euskal sukaldaritza tailerretan izena eman daiteke. Saio hauek larunbat honetan, martxoaren 14an eta 28an egingo dira, 11:00etatik 14:30era.
Tailer bakoitzean hamabost lagun elkartuko dira erosketak egiteko eta bazkaria prestatzeko.
Ondoren, beraiek eta beraien familiek elkarrekin bazkalduko dute.
Jarduera honen helburua Urretxuren aniztasun soziala eta kulturala gozatzea eta herritarrek elkar ezagutzea da. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute, 943 08 80 83 telefono zenbakira deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi.
Tokiak mugatuak dira eta lehen aldiz parte hartzen dutenei emango zaie lehentasuna. Egitarauaren bigarren zatia, munduko sukaldaritza tailerrak, Aste Santuaren ondoren egingo dira.