A-636ko bidesarien aurkako taldeak alderdien iritzia jaso du
Zumarragako Udaleko azken osoko bilkuran hartu dute parte platarmakoek. Bihar Urretxuko Iparragirre plazan elkarretaratzea egin ondoren, hango udalbatzara joango dira.
A-636 errepidean bidesariak jartzearen aurkako plataformak elkarretaratzea egin zuen ostegunean Euskadi plazan eta osoko bilkuran parte hartu zuen. Elkarretaratzean 300 lagun inguruk parte hartu zuten. Osoko bilkuran plataformaren eskaerek ez zuten alderdien babesa lortu. Bihar, 19:00etan, Urretxuko Iparragirre plazan elkarretaratzea egingo dute eta osoko bilkuran parte hartuko dute.
Zumarragako osoko bilkuran Edu Reguero izan zen plataformaren bozeramailea. Ordura arte alderdiek bidesarien inguruko iritzirik ez ematea «harrigarria» iruditzen zitzaiela esan zuen. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren argumentuei aurre egin zien: «Oiarbidek Europako araudia aipatzen du, baina araudi honek ez ditu autoak aipatzen. 3,5 tona baino gehiago ibilgailuentzat da. Bestalde, A-636aren obra eta mantenua ordaindu behar direla dio. Donostiako saihesbidearen, N-1aren eta GI-20aren mantenua ez al da ordaindu behar?».
Auto gidariek hilean 32 euro ordainduko dutela eta kamioilarientzat deskonturik ez dela egongo gogoratu zuen. Horrek bizilagunek errepide zaharra erabiltzea ekarri dezakeela uste dute. «Zumarragako Euskal Herria hiribidean trafiko handiagoa egongo da, istripu arriskua handiagoa izango da gidari eta txirrindularientzat, denbora gehiago beharko da…».
Gainera, araudiak A-636ko bidesarietan kobratuko dena beste azpiegitura batzuk ordaintzeko erabiltzea (AHT, Donostiako metroa, beste errepide batzuk…) ahalbidetzen duela aipatu zuen. Hori guztia dela eta, alkateari eta zinegotziei beraien iritzia azaltzeko eskatu zien eta aldundiari, berriz, bidesaririk ez jartzeko.
Elkarrekin Zumarraga
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitez izan zen hitza hartu zuen lehen zinegotzia. «A-636 errepideak ez du paseko trafikorik eta ezta alternatibarik ere. Deskargako mendatea besterik ez. A-636 errepidea behar dugu eta, bidesariak jarriz gero, garraio publikoa hobetu beharko litzateke. Informazioa biltzen jarraitu behar dugu eta, gurekin hitz egin nahi baduzue, gure ateak zabalik daude», esan zien plataformakoei.
EAJren iritzia
EAJko Josu Idigorasek, errepideak egin eta mantentzeko orduan aldundiak ez duela beste instituzio batzuen laguntzarik jasotzen gogoratu zuen. «Europara bidean gaude, Gipuzkoako errotonda egin berri da eta errepideen mantenuaren kostua geroz eta handiagoa da. Aldundiak bere aurrekontuaren erdia gizarte zerbitzuetara bideratzen du eta, hala, oso zaila da bide azpiegituren mantenua ordaintzea. Batzar Nagusiek onartu dituzte bidesariak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoarekin, EH Bilduren eta PPren abstentzioarekin eta Podemosen aurkako botoarekin».
Zumarragako EAJko kideak Oiarbiderekin elkartu direla gehitu zuen. «Gure kezka azaldu genion. Deskontu garrantzitsuak egongo direla eta A-636 errepidean biltzen den dirua errepide honen mantenua ordaintzeko bakarrik erabiliko dela esan zigun». Amaitzeko, errepideak erabiltzeagatik ordaintzea defendatzen duen estrategia Larraitz Ugarte (EH Bildu) Bide Azpiegituretako diputatua zenean egin zen txostenean jaso zela gogoratu zuen.
EH Bildu
EH Bilduko Ainhoa Osinaldek bizilagun talde batek plataforma bat sortu izana pozgarria dela esan zuen. «Gu ere kezkatuta gaude. Egoera honek hausnarketa sakona merezi du. EAJren kudeaketa lan txarrarengatik heldu gara honetara: azpiegitura handien aldeko apustuagatik eta Bidegiren zorragatik. A-636ko bidesaria herritar batzuk kaltetzen dituen partxe bat da. Errepideak mantentzeko dirua behar da, baina irtenbidea integrala izan behar da. Hau, ordea, diskriminazioa da. Errepideak erabiltzeagatik ordaintzearen alde gaude, baina denok ordaindu behar dugu bineta sozial baten bitartez. Eta garraio publikoa hobetu behar da».
PSE-EE
Mikel Serrano (PSE-EE) alkatea ere kezkatuta azaldu zen. «Ni ere Aintzane Oiarbiderekin egon naiz eta herritarren kezka azaldu diot. Erabaki hau ez da egun batetik bestera hartu. Pankartaren atzealdean dena egingarria da, baina gero… 2011-2015 legealdian obra bukatzeko eskatzea tokatu zitzaidan. EH Bilduk ez zuen obrarekin jarraitu ordura arte EAJk egin zuena egin behar ez izateko».
Deskargako errepide berriak abantaila asko dituela gogoratu zuen. «Denbora gutxiago behar dugu Bergara, Arrasate edo Bilbora joateko eta hori aurrekontuetatik atera da. A-636 errepideko bidesarietan kobratuko dena ez da Donostiako metroa egiteko erabiliko. Bide hori mantentzeko eta garraio publikoa hobetzeko erabiliko da».
Berari ere ez zaiola bidesariak ordaintzea gustatzen onartu zuen. «Baina egun non gauden eta duela 15 urte non geunden begiratu behar da. Gauza onetara berehala ohitzen gara. Politikook erabakiak hartzeko gaude, teknikarien laguntzarekin. Erabaki zaila da, baina gure bizi kalitateak hobera egin du errepide honi esker. Ahalik eta erabaki onena hartzeko eta ahalik eta kalte gutxiena eragiteko lan egingo dut, baina lan zaila da, Batzar Nagusiak erabiltzaileek ordaintzearen alde baitaude».