Aita Mari itsasontzirako 413 manta jaso dituzte
Hotz Legazpi elkarteak deituta, Itsas Salbamendu Humanitariorako manta bilketa egin dute. Eskatutakoaren bikoitza jaso dute, Legazpiko eta inguruko herrietako jendearen laguntzari esker.
Hotz Legazpik egindako azken deialdiak erantzun arrakastatsua izan du, eskatutako 200 mantak bakarrik ez, 413 bildu zituztelako larunbatean Azoka parean jarritako postuan. Legazpiko elkarteak eskerrak eman nahi ditu, «herriaren berotasun bultzada» honengatik.
Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak (SMH, Salvamento Maritimo Humanitario) egindako eskariari erantzunez egin du Hotz Legazpik larrialdiko manta bilketa hori. Aita Mari erreskate itsasontzirako 200 manta behar zituzten, eta legazpiarren eta inguruko herrietako bizilagunen elkartasunari esker, 413 bildu dituzte azkenik. Hotz Legazpik jakinarazi duenez, Legazpi bertatik ez ezik, Urretxutik, Zumarragatik, Elgoibartik, Gabiriatik, Beasaindik, Ordiziatik, Tolosatik, Arabar Errioxatik eta Santandertik ere iritsi zaizkie mantak.
Bilketaren ondoren, aste honetan bertan «300 manta Lampedusara (Italia) eramango dituzte, eta Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek Aita Mari itsasontzian erabiliko dituzte hurrengo misioan erresketaturiko pertsona errefuxiatuei berotasuna emateko».
Hotz Legazpik, bere aldetik, itsasontzirako plastikozko 250 baso ere eman dizkio SMH elkarteari, itsasontzian errefuxiatuek erabil ditzaten.