Gaintza, 'Ilargi guztiak' filmaren grabaleku
Igor Legarreta leioarraren bigarren filmaren eszena batzuk Gaintzan grabatu dituzte. Gorostizuaundi baserrian hartu dituzte barruko hainbat irudi, eta hiru egunez zinema-mugimendua izan da herrian.
Gaintzako eguneroko patxada eta isiltasuna aktoreen presentziak, zinemako ekoizpen-langileen joan-etorriek eta klaketaren kolpetxoek hautsi dute. Ilargi guztiak filmaren errodajea lehengo astean egin zuten Gorostizuaundi baserrian hiru egunez, asteazkenetik ostiralera. Igor Legarreta zuzendariaren (Leioa, 1973) bigarren filma da (Cuando dejes de quererme lehena, 2017an), eta produkzio ikusgarria duela erakutsi dute Gaintzan.
Istorio fantastiko baten kontakizuna da Ilargi guztiak. XIX. mendean girotua, azken Karlistaldiaren azkenera, emakume misteriotsu batek neskato bat erreskatatuko du umezurztegi batetik. Basoaren erdian bizi da emakume hori, eta zauritua eta heriotzaren mugan zegoen neskatoak bizia itzuli diola sentituko du, zerura eramango zuela uste zuenean. Baldintza, ordea, haurtzaroan katigatuta geratzea da, ilargiak kontatuz, Candido gizon xumea ezagutu eta haren etxean hartuko duen arte, alabatzat. Salbazioa zirudien baldintzaren aurka borrokatu beharko du, kendu dioten bizitza berreskuratzeko ametsean, argirantz.
Filmaren grabaketa otsailaren 17an hasi zuten, Mutrikun. Zazpi aste iraungo du, eta Gipuzkoan, Mutrikun eta Gaintzan aritzeaz gain, Zizurkilen ere izango dira, baita Orozkon (Bizkaia) eta Erratzun, Urbasan, Aldatzen eta Leurtzako urtegian ere (Nafarroa). Euskaraz ari dira bertsio originala grabatzen.
Euskal Herriaren, Frantziaren eta Espainiaren arteko koprodukzioa da Ilargi guztiak. Arcadia Motion Pictures, Kowalski Fims, Pris&Batty Films, Ilargia Films eta Noodles Production ekoiztetxeak ari dira elkarlanean, EITBk eta RTVEk parte hartuta eta ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioarekin. Filmax etxeak banatuko du.
Jon Sagala du gidoilari, eta Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Egileor eta Elena Uriz dira aktore nagusiak; baita 12 urteko Haizea Carneros ere. Talde teknikoa ere ez du nolanahikoa: Goya sarietan irabazle izandako lau badira: Laurent Dufreche muntaian, Pascal Gaigne musikan, Mikel Serrano argazki zuzendaritzan eta Mariano Garcia.
Gaintzan zinema giroa
Ezohiko hiru egun izan ziren lehengo astekoak Gaintzan. Zaldibiako bidegurutzetik gorako bidean dago Gorostizuaundi baserria, eta erabat itxi zuten irispidea. Errepide estua ere semaforo bidez erregulatu zuten, ekoizpeneko kamioiak eta ibilgailuak ertz batean utzi ahal izateko. Gorago dagoen Gorostizutxiki baserriaren aurrean ere utzi zituzten kamioiak. Baserrian barruko eszenak hartu zituzten.
Gaintzako herrigunean, berriz, Onbide elkartea egon zen lokala aldageletarako eta jantzitegitarako hartu zuten. Aktoreek han itxaroten zuten grabaketako txanda noiz iritsiko, makillatuta eta zegokien arropak jantzita. Gidaridun furgonetetan eramaten zituzten errodaje-lekura, barne-audioz komunikatutakoan. Haritz Elizegi da filmaren lokalizazioen aurkitzailea.