Gipuzkoako txirrindularitzaren herena Goierrik mantenduko du
Maila guztietako 38 proba antolatuko dituzte Goierrin. Emakumeen Euskadiko Txapelketa Seguran da. Erlojupekoen Gipuzkoakoak Legorretan eta Ezkion dira
Beste urtebetez, Goierrik bizituko du Gipuzkoako txirrindularitzaren pultsua. Biztanlez hamarretik bat den eskualdean antolatuko dira 2020an herrialdeko egutegiko proben %31. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren egutegian 122 proba ageri badira, 38 Goierrin dira.
Lehengo astean ireki zuten juniorrek errepideko sasoia, Eibarren. Goierriko lehen proba Itsasondoko Mendi Bizikleta Lasterketa da, larunbatean 16:00etan, alebin eta infantil mailetan.
Harrobia lantzen ahalegin berezia egingo dute eskualdeko txirrindulari elkarteek. Junior mailako 37 probetatik 12 antolatuko dituzte. Tartean, Gipuzkoako Klasikoa Urretxun izango da, UCI mailako juniorrena. Beasaingo Mundial Aurreko Probak nazioartekoak bilduko ditu; eta Gipuzkoako Itzuliak bi etapa izango ditu Goierrin: Olaberrian 1.a eta Lazkaon bukaera.
Kadeteen 6 proba jokatuko dira, eta infantil-alebinen 9.
Erlojupekoetan plaza esanguratsu bihurtuko da bailara. Beti bezala, juniorren eta kadeteen taldekako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa Legorretan jokatuko da. Infantil-alebinen banakako erlojupekoa ere eskualdean da, Ezkion uztailaren 11n.
Emakumeen bakarra, goren
Amateur mailetan, Euskaldun Trofeoko 9 probetatik hiru dira Goierrin (Lazkaon, Ataunen eta Seguran), eta Lehendakariko 10etik lau (Urretxun, Beasainen, Zegaman eta Zaldibian azkena). Bi klasikoak ere mantenduko dira, Legazpin eta Beasainen.
Emakumezkoen atalean jarraitzen du hutsune handi samarra izaten Goierrik. Egutegiko zazpi probetatik bakarra jokatuko da, baina hura maila gorenekoa: Euskadiko Txapelketa Seguran, apirilaren 25ean.
Profesionaletan, aldaketa nabarmen bat dauka aurten Ordiziako Klasikoak. Uztailaren 23an jokatuko da, eta ez ohi duten bezala 25ean. Donostiako Klasikoa antolatu dute Santiago egunean.
Euskal Herriko Itzuliak ez du Goierri ukituko aurten, baina bai Espainiako Vueltak. Abuztuaren 18an, Irun-Arrate 4. etapan Urretxu, Zumarraga eta Legazpin barrena pasatuko da, Urolaren ibarretik Debarenera bidean.