Ia bi milioi euroko aurrekontua onartu du Segurako Udalak, aho batez
Alkateak adierazi duenez, iaz baino 300.000 euro gehiago dituzte diru laguntzengatik. Gimnasioa jarriko dute, eta frontoi ondoko kantxa berritzeko lanak ere egingo dituzte
Aho batez onartu ditu Segurako Udalak 2020ko aurrekontuak. Ia bi milioiko aurrekontua izango dute segurarrek, iaz baino 300.000 euro gehiago. Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren diru laguntzengatik handitu dela eltzeitsua aurten.
Guztira 1.980.000 eurokoa izango da aurrekontua. Iaz egindako bi obrentzako diru laguntzak jaso ditu udalak: frontoirako eta errebote plazarako. Azken honen lanak, plazakoak, ia %100ean diru laguntzen bidez finantzatu dira. «Diru gehiago edukitzeak aurten eman digu aukera aspalditik egin nahi ziren oinarrizko obra batzuk egiteko», adierazi du Izarra Urdalleta alkateak, eta gehitu du, ahal diren diru laguntza guztiak eskatuko dituztela, eta horren arabera ere egingo dituztela lanak.
Errepideen konponketa
Bestalde, baserribideak hobetzeko obrak sartu dituzte aurrekontuetan, hiru zati ezberdinetan: Azpillako bueltarako, Zerain-Sagastirako eta hilerri ondoan dagoen luizi baterako: «Errepidea erortzen ari da eta konponketa behar du». Asfaltazioaren harira beste eremu bat ere sartu dute aurrekontuetan: «Zubiberritik Kalegoenera doan bidea ere hobetu nahi dugu».
Kirol instalakuntzei dagokienez, gimnasioa jarri nahi dute herrian: «Lekua adjudikatuta daukagu, baina prestatu, handitu eta makinak jarri behar dira». Bestalde, frontoi ondoan dagoen kantxa asfaltatu, lurra txukundu eta sarea aldatuko dutela eman du aditzera.
Hondakinen harira, Zubiberriko eremuko hondakinen txabola aldatuko dute: «Bilketarako hainbat txabola jarri nahi ditugu baserritarrentzako». Autokontsumoari begira, udal eraikinetan «eguzki plakak jartzea» dute helburu: «Azterketa egiten ari gara non eta nola jarri daitezkeen ikusteko».
Herriguneko eraikinak
Gune historikoko etxebizitzak eraberritzeko diru laguntza ere sartu dute aurrekontuetan: «Etxe askok irisgarritasun falta dute». Horrez gain, lehen bazegoen eta aurten ere jarraituko du alokairu sozialerako diru laguntzak. Gazteen parte hartzea ere sustatu nahi dute: «10.000 euro gorde ditugu gazteekin erabakitzeko zertan inbertitu nahi den», azaldu du. «Aurten kopuru hori jarri dugu eta ikusiko da hurrengo urtean nola doan; parte hartze prozesu bat egingo da hori nola erabili eztabaidatzeko».
Beste bi zati berdintasun teknikariarentzako eta beste administratzaile batentzako izango dira: «Administratzaile bat jubilatu egin da eta idazkariak leku aldaketa bat izan du, eta hor gabiltza trantsizio prozesu batean», adierazi du Urdalletak.