Oiangu, izan ez zenera
Duela 15 urte Oianguren parkearen ustiaketa enpresa baten esku utzi zuen Ordiziako Udalak. Polemika piztu zen, golf zelaiarekin. Angel Cruz Jakak Ezkio-Itsasori eman zizkion hango agiriak
Ordiziako Udalak 2005eko otsailaren 28an onartu zuen Oianguren parkearen ustiaketa Ikengu enpresari esleitzea, 40 urteko kontzesioarekin. Baina herritar talde batek udalbatzarrean bertan azaldu zituen lehen kezkak, espazio publiko bat «pribatizatu» zelakoan. Egitasmoa berraztertzeko eta herri galdeketa bat egiteko ere eskatu zuten. Hurrengo egunetan, kontzesioaren aurkako posturak indarra hartu zuen, ustiapendunaren asmoa golf zelai bat eraikitzea zela jakindakoan. Urte asko iraun zuen auzia hasi zen.
Atzeratu zen beste azpiegitura bat Eitzagako errotonda izan zen, 2005eko otsailean. Azken boladako elurteengatik hura. Eta AHT Abiadura Handiko Trenaren trenbidea eraikitzen hasiko ziren lehen hotsak ere zabaldu ziren. Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen 2005eko udazkenean hasiko zirela, eta Euskal Herriko lehen obra Goierrin izango zela: Ordizia-Itsasondo tunela.
Angel Cruz Jaka, lanean
2005eko ekainaren 19an hil zen Angel Cruz Jaka Legorburu historiazale eta biltzaile zumarragarra. Urte hartako martxoaren 1ean Ezkio-Itsasoko udaletxean izan zen, eta bi herriei buruz artxiboetan bildutako agiri guztiak udalari dohaintzan eman zizkion. Aurkitutako agirien fotokopiekin zazpi liburuki josi, eta paper gehiago utzi zituen Jakak.
Agenda 21 izendapena eta kontzeptua pil-pilean zen duela 15 urte. Herrika beharren diagnosiak burutzen eta etorkizunerako ildoak zehazten ari ziren. Goierriko lineako autobus zerbitzua Gipuzkoako Lurraldebus txartel bakarrean sartu zen, bien bitartean.