Negutegiko hemengo lehen ilarra
Produktuen eta saltzaileen joan-etorriak garaiaren araberakoak dira Ordiziako Azokan. Atzo bertan ongi etorria ilar berriei eta agurra erlezainari eta zuhaitz landare saltzaileari.
A urtengo negu goxoa lagun, arbolak aurreratuta datoz loretan ohi baino lehenago. Berdin esan daiteke lore batzuekiko; kala da horietako bat. Dena dela, atzoko protagononista ilarra izan zen. Bi postutan gainera: Aramako Iturrioz baserrikoa eta Ibarrako Montesenekoa, biak ere negutegikoak. Oso mota ezberdinekoak, leka txikia, berde argia eta bete-betea Alberto Printzea motakoa, Lurdes eta Patxi aramarren postuan. Dorian bestean, leka handiagoa eta ilunagoa, Arantxa eta Patxi Ibarrakoenak. Estimazio handiko produktua da, 14 euroan kiloa leka eta guzti, egiazko gutizia. Mutiloako Ostatuko Iñaki Telleriak erosi ditu Aramako lehenak. Goiz dirudien arren, gertatu izan da otsailean ekartzea, 2014an esate baterako otsailaren 19an ekarri zituzten lehenak. Hala ere normalagoa da martxoa oso aurreratu arte ez izatea, azken urteetan gertatu bezala.
Arbola landareak eta eztia
Bestalde, denboraldiko azken astea izan du Ordizian Juan Gamio arbola landarezaleak (Barrena jauregiaren ondoan) arbolak landatzeko garaia badoalako, eta Jon Etxeberria erlezainak (plazan) ezti gehientxoena saldu duelako. Oso balorazio baikorra egin digu azken honek denboraldiaz: «Iaz baino 200 kilo gehiago izan ditut eta halere bi hilabete lehenago bukatu zait. Oso feria onak izan dira». Jendearen gustuaz galdetuz, «ezti mehea, Ataungo mila lorea da gehien eskatzen didatena, jogurtekin eta nahasteko erabiliena hori da. Akazia eta larra du batez ere. Halere, gainerakoak proposatuz ere, probatzeko prest da jendea pote txikiagotan bada ere eta gero erostera animatzen da». Irailean urteko ezti berriarekin hasiko da berriz.
Kalak loretan
Hauek ere goiztiar dabiltz aurten. Montesenekoen mahaian ikusi ditugu kala erromileta (6ko sorta 4 euroan) eta landarea bera ere bai 5 euroan. Dagoenekoz ekartzen hasi dira geranio, huntza eta surfiniak. Baina ezin esan oraindik hauen garaia denik. Goiz da eta hotzak harrapatuz gero galtzeko arriskua lukete.