Abesti tradizionalek ez dute forma bakarra
Iban Urizar 'Amorante' musikariak kontzertua eskainiko du etzi Igartzan Musika zikloan. Amorantek «abesti herrikoiak» jotzen ditu, baina era «pertsonal» batean. «Entzuleak gustura irteten dira».
Tradizioak itxura zurruna du: abesti klasikoak horrela egin ziren bere garaian eta horrela jo behar dira. Edo ez. «Abesti herrikoiak ukitu pertsonal batekin» jotzen ditu Iban Urizar Amorante musikariak bere esanen arabera. «Euskal sortzaile handien piezak jotzen ditut: Iparragirre, Bizenta Mogel… baina musikatzeko tronpeta eta teknologia berriak erabiltzen ditut. Esaterako, looperra, sintetizatzailea…», azaldu du Amorantek. Etzi eskainiko du kontzertua Igartza Musika zikoan, Igartza jauregian bertan 19:00etan.
Emanaldiaren atarian «gogotsu» agertu da musikari elgoibartarra. «Igartzaren moduko leku eder batean jotzea berezia da. Gainera azken aldian kontzertu gutxiago eskaini ditut Euskal Herrian». Izan ere, Amorante bere lehen diskoa prestatzen ibili da. Azken ukituak eman ostean, uda aurretik argitaratuko du, baina etziko emanaldian joko ditu disko berriko abesti batzuk: «Kontzertuak denboraren arabera moldatzen ditut. Ez dut esango ohiko emanaldia izango denik etengabeko aldaketa batean bainago eta horrek ikuskizuna ere aldatzea dakarrelako».
Kontuak kontu, Amorantek bere nortasunari eutsiko dio, hori baita bere ezaugarri nagusia. «Kontzertu guztiak euskaraz egiten ditut, baita ere kanpora joaten naizenean. Abestien testuinguratzea bertako publikoarentzako pentsatuta dago, eta entzuleek hori eskertzen dute». Entzuleen erreakzioa «oso ona» izaten dela baieztatu du Amorantek, eta eskertuta agertu da. «Publikoaren erantzunarekin oso gustura nago. Txaloz erantzun didate beti, baita atzerrian egon naizenean ere. Musikari batentzat hori gauza ederra da».
“Tronpeta jotzaile izateko ikasi nuen eta tronpetaria naiz. Ez naiz orkestra gizona”
Igartza Musika zikloaren aurkezpenean Xabier Sarasola Beasaingo musika eskolako arduradunak esan zuen Amorante zikloan egongo den musikaririk «bereziena» dela. «Bere emankizuna oso berezia da. Euskal abestiei ezohiko ukitua ematen dietelako», definitu zuen. Amorante ez dator guztiz bat, «definizio guztiak bezala motz gelditzen baita». Halere, ulertzen du «ezohiko ukitua» esaten dutenean zer esan nahi duen: «Agertoki gainean bakarrik egoten naiz, eta teknologia baliatzen dut errepikamenen bidez oinarri musikal bat jartzeko». Ez nahastu orkestra gizon batekin. «Ez, ez naiz orkestra gizon bat. Tronpeta jotzaile izateko ikasi nuen, eta tronpetaria naiz», argitu du musikari elgoibartarrak.
“Txaloz erantzun didate beti, eta musikari batentzat ederra da hori”
Abestu ere egiten du. «Hasieran lotsa gehiago ematen zidan, nire ahotsean ez nuelako konfiantza handirik. Naturaltasunez egiten dut orain». Eboluzio handia nabaritzen du bere gaitasunetan. «Bost urte badaramatzat proiektu honekin, eta geroz eta erosoago sentitzen dut nire burua agertoki gainean. Lehen kontzertuak grabatuta dauzkat, eta askoz lotsatuago eta geldiago ikusten dut neure burua», aitortu du elgoibartarrak.
Ibilbide luzeko musikaria
Amorante bakarkako proiektua den arren, Urizar iraganean taldekako proiektu ugaritan ibilia da. Hala nola, Cafe Teatro, Bizarra eta Andrakan.
Bederatzi urte zituela hasi zen musika ikasten, eta zergatik ondotxo jakin gabe aukeratu zuen tronpeta. Gerora ikasi du gitarra edo harmoniuma jotzen, besteak beste. «Ni tronpetista naiz. Beste instrumentuak lagungarriak besterik ez dira».