Aldarriz beteriko bost kilometro
Lilatoiaren 31. jardunaldia igandean egingo dute. 6.564 emakumek eman dute izena. Parte hartuko duen hirugarren talde jendetsuena Legazpiko Haztegi ikastolarena da
Donostia milaka emakume korrikalariz beteko da igandean. Norantza bakarra du bideak lemapean abiatuko da 10:30ean Lilatoiaren 31. jardunaldia Boulevardetik. 6.564 partaide izango ditu. Urtetik urtera gora egin du partaideen kopuruak eta beti bezala, Goierritarrak ere asko izango dira.
Donostiako Bilgune Feministak ekin zion 1990. urtean Lilatoia antolatzeari. Urte hartan 146 partaide izan zituen. Harrezkero, asko aldatu dira gauzak. Lasterketaren 31. jardunaldian, 6.500dik gora emakumek eman baitute izena. Iazkoarekin alderatuta, %4,75 gehiago. Gainontzeko lasterketa guztiekin konparatuta, desberdina da Lilatoia. Batetik emakumeek baino ezin dutelako parte hartu, bestetik parte hartzen duten emakumeen kopurua oso esanguratsua delako, eta hori guztiaz gain, egunean bertan sortzen den giroagatik ere, berezia da Lilatoia. Lasterketa baino gehiago, aldarrikapenerako festa da, eta hala izango da datorren igandekoa ere.
Emakume askorentzat, kirola egiten hasteko aitzakia izan da Lilatoia. Zailtasun handiegirik gabeko bost kilometroko ibilbidea du, eta hori lagungarri da sekula lasterketa batean parte hartu ez duten emakume haiek, lehenengoz lasterketa batean parte hartzeko. 2006 urtean jaiotakoetatik hasita, adin tarte oso desberdinetako lasterkariak aterako dira, batzuk banaka eta taldean beste batzuk.
Talde handienen artean
Goierri eskualdetik ere joango dira lasterkariak aurten. Zenbat izango diren, datu hori ez da zabaldu oraindik, baina aurreko urteetako datuak ikusita aurten ere asko izango direla arreratu daiteke. 2019koan 837 goierritarrak izan ziren eta 2018an 1.020.
Lilatoian, banaka edo taldeka eman daiteke izena. Talde jendetsuenek gainera saria izan ohi dute. Azken urteetan, goierritarrak aurretik ibili dira hortan. 2019koan eta 2018koan adibidez, Goierriko hiru ikastolak aurkeztutako taldeak jendetsuenak izateagatik saria jaso zuten. Legazpiko Haztegi ikastola, Urretxu-Zumarragako ikastola eta Ordiziako Jakintza ikastola izan ziren. Aurten ere, talde jendetsuenen artean daude Urretxu-Zumarragako ikastola eta Haztegi ikastolaren izenean lasterka egingo dutenak. Bigarren handiena da Urretxu-Zumarragakoa 134 pertsonarekin eta hirugarren handiena berriz Haztegikoa, 110 partaiderekin. Zarauzko Emakume Korrikalariak eta Zumaiako Emakumeon Etxeko taldeak osatutakoa dago lehen postuan.
Bestalde, lasterketan parte hartzera animatzeko deia egin da Goierriko hainbat herrietan. Zaldibian, lehenengoz, Udaleko Berdintasun Batzordearen ekimenez, emakumeak elkarrekin parte hartzeko deia egin dute. Arrakasta handia izan du. 50 lagunetik gora apuntatu dira eta iragan urtarrilaren 23tik entrenamenduak egin dituzte astero. Igandean elastiko berezitua jantziko dute eta lasterketaren ondoren elkarrekin bazkalduko dute.
Lazkaon ere, Lilatoian korrika egiteko kamisetak sortu ditu udalak, Kirolera ekimenaren barruan. Lazkaotarren ordezkaritza nabarmendu eta talde izaera eman nahi diote ekimen horrekin. Emakumeok harro leloarekin kolore morea duen kamiseta jantziko dute. 75 ale sortu dituzte Lazkaon.
Ibilbidean aldaketa
Lasterketa 10:30ean hasiko da Boulevardetik, eta sari banaketa 11:30ean izango da, Alderdi Ederren. Donostiako San Martin kalean egiten ari diren lanak direla eta, aurtengo ibilaldiak aldaketa bat izango du. Askatasunaren hiribidean bira egin ondoren, Urbieta kalea zeharkatuko dute lasterkariek, Mendeurreneko plazara iritsi arte. Gainerako ibilbidea aurreko urteetako berdina izango da.