Beasaingo udalbatzak bost liberatu ditu
Hernandez lanaldi osoan eta Matarranz eta Ruiz lanaldi erdian liberatzea onartu zuten atzoko udalbatzan. Liberatuek jaso beharreko soldatak eztabaida piztu zuen.
Yolanda Hernandez, Xabier Matarranz eta Elena Ruiz zinegotziak ere liberatzea onartu zuten Beasaingo Udaleko atzoko osoko bilkuran. Denera bost liberatu ditu udalbatzak: Aldasoro alkatea eta Artola lehen alkateordea uztailean liberatu ziren, biak jardunaldi osoan. Aurrerantzean Hernandez ere lanaldi osoan egongo da, eta Matarranz eta Ruiz lanaldi erdian.
Proposamena EAJren aldeko hamar botoekin irten zen aurrera. EH Bildu eta PSE-EE aurka agertu ziren, liberatu kopuruarekin eta jasoko duten soldatarekin ados ez zeudelako: “Uztailean aurka bozkatu genuen, eta koherentziagatik oraingoan ere aurka bozkatuko dugu. Soldatak neurrigabeak iruditzen zaizkigu”, arrazoitu zuen Eva Alvarez zinegotzi sozialistak.”Liberatu kopuruak eta neurrigabeko soldatek gastu publikoa 320.000 eurotara igotzen dute. Astakeria bat da diru guzti hori ardura politikoetan gastatzea”, gaineratu zuen Hernandez EH Bilduko zinegotziak. Gainera, koalizio abertzaleak salatu zuen iraganean ukatu egin zietela lanaldi erdian bi liberatu izatea, eta orain EAJtak horixe egin duela: “EH Bilduren eskariarengatik egin duzue?”, galdetu zien Hasier Agirre zinegotziak.
Aldasorok argudiatu zuen soldatak Eudelen irizpideen arabera eginda daudela. Honen arabera, 71.200 euroko soldata dagokio 10.001 eta 20.000 biztanleko herri bateko alkateari. “Ezin da hiruko erregela baten bidez soldata Beasainera mugatzea. Bestela, posible da 5.000 biztanleko herri bateko alkateak Beasaingoak baino gehiago irabaztea”.
Gainerako proposamen ia guztiak aho batez onartu zituzten. EH Bilduk Beasaingo gazte laguntzaileentzako beken eta garatze bidean dauden edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurren harrera programarako laguntzen aurka bozkatu zuen txikiegiak direla ebatzita. Alderdi sozialistak eraikinen garbiketaren esleipen erabakiaren aurka bozkatu zuen udalak egindako akats baten ondorioa delako eta haserrea erakusteko.