Garmendia eta Plazaola 'Moko zorrotza' lan berriarekin Zaldibian
Aitziber Garmendia aktore zaldibiarrak sorterrian antzeztuko du, gaur. Jon Plazaola urretxuarra izango du agertokian kide, eta Txalo konpainiak aurtengo ekoitzi duen Moko zorrotza antzezlana jokatuko dute. Carles Alberolaren komedia da. Zaldibiako antzokian 22:30ean hasiko da emanaldia. Sarrerak 21:30etik aurrera erosi ahalko dira, leihatilan bertan (10 euro).
Laura eta Juan pertsonaia bihurtuko dira Garmendia eta Plazaola. Bizitza ulertzeko bi modu desberdin dauzkate, «eta, hala ere, elkar maite dute», dio Moko zorrotza-ren sinopsiak.
Institutu garaitik 30 urtera topo egin dute, eta orduko ametsak eta harrezkeroko bizitza gaurkotuko dituzte, gau batean. «Batez ere, laurogeiko hamarraldiko garaietara itzulinguru sentikorra da» antzezlana.













