Olaberrian 1936ko gerran eta lehen frankismoa gertatua jakiteko lanketa egingo dute
Datozen hiru urteetan, gerraren eta gerra ostearen berri ezagutarazteko, liburu bat prestatuko dute Olaberrian. Oroimen historikoa berreskuratzeko lantaldeak bultzatuta, Udalak lankidetza hitzarmena egin du Aranzadirekin, eta herritarren testigantzak bilduko dituzte, martxoan bulego bat jarrita.
“Gertatutakoa jakitea da helburua. Egia, justizia eta erreparazioa hiru urratsen artean, lehenengoa gauzatuko dugu, ondoren beste biak egin ahal izateko”. Hala laburbildu du Aranzadi zientzia elkarteko Javier Buces historialariak Olaberrian gaur hasi duten langintza. 1936ko gerra eta lehen frankismoa herrian zer izan zen ikertuko dute, udalarekin egindako hitzarmen bati esker. “Izen-abizenekin, gerra eta frankismoa jasan zutenen berri jakin nahi dugu, zenbat pertsonak sufritu zuten”.
Hiru urteko iraupena izango du lanketak. Liburu batean bilduko dute informazioa. Oroimen historikoa berreskuratzeko Olargi taldea ere sortu dute, duela bi urte Martzelo Lasa Zeberioren erailketa argitzetik eta gorpuzkiaren berreskurapenetik hasitako lanketa erakusteko. “Lau urtean informazio asko topatu dugu, eta berriz ere galtzen utzi gabe, lehenago gertatu zen bezala, zabaltzea erabaki dugu”, azaldu du Jose Angel Munduatek, Lasaren ondorengoak.
Udalak, bere aldetik, 2019-2023 agintaldi honetan “behar diren baliabideak jartzeko” eta lana bukatzeko konpromisoa hartu du. Udalbatzak ahobatez onartu du oroimen historikoaren lanketa egitea, eta OEOko eta EH Bilduko ordezkariak agertu dira gaur berri ematera. “Prozesu osoari ikuspegi integrala eta koherentea eman nahi bazaio, senide, herrietako memoria talde, udal eta instituzioen parte-hartzea ezinbestekoa da”, azaldu du udalak, Aitor Urkiola zinegotziak irakurritako testuan.
Hiru ildo lanerako
Ikerketaren ardura eta gidaritza Aranzadi elkarteak hartuko du, orain. Javier Bucesek aurreratu duenez, hiru ardatzetan osatuko dute 1936-1945 bitarteko gertakariak argitzeko azterlan historikoa. Batetik, artxiboak kontsultatuko dituzte, militarrak, elizarenak, estatuarenak eta udalarena.
Baina lanaren azken xedea ez dela “lan historiko bat” egitea azaldu du Bucesek. “Lan antropologikoa eta testigantzak biltzea oso garrantzitsua izango da. Dena ez baitago artxiboetan. Oroimenean eta herritarren buruan informazio asko dago, eta horiek jasotzea izango da lana. Errepresio mota batzuk, gainera, ez daude artxiboetan; adibidez, emakumeen kontrako errepresioa, estigmatizazio soziala, euskararen aurkakoa… Beste forma batzuetan bilatu behar da errepresio horren berri”.
Azkenik, hori guztia gorpuzteko, oroimenaren bulegoa zabalduko dute, martxoan, Olaberriko udaletxean. Herritarrek hara jo ahalko dute daukaketen informazioa ematera, astelehenero, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Aranzadiko teknikari bat egongo da han, informazioa jasotzeko edo iturrien berri hartzeko. Aurrerantzean ere bide hori irekita mantenduko dute, nahiz bulegoan ez izan (943 46 61 42 telefono zenbakian, edo memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzita).
Olaberritarrei, 1936-1945 bitarteko gertakarien berri emateko deialdia egin diete eragileek eta erakundeek. Martxoan zehar, sentsibilizazio gisara, bi hitzaldi ere antolatu dituzte, Kulturaldiaren barruan: martxoaren 6an Lourdes Herrastirena (Errepresioa genero ikuspuntutik, udaletxean, 18:30ean), eta martxoaren 27an Iñaki Egañarena (Gerra zibila eta frankismoa Goierrin, leku eta ordu berean).
Irudi berriarekin identifikatuta
Oroimenaren berreskurapen lanerako, logotipoa sortu du lantaldeak. Olaberrian bizi den Lorea Isasmendi aretxabaldarrak diseinatu du irudia. Aurrerantzean, arlo horretan herrian egiten diren lan guztiak irudi horrekin identifikatuko dituzte.
“Olaberriko oroimen historikoa” idazpuruaren atzean, hatz markak edo aztarnak ageri ditu logoak, “gerra garaiak Olaberrian utzitako aztarnak adierazteko”. Ikurrinaren koloreak ditu, batetik. Gorriak “odola, txikizioa, arriskua eta maltzurkeria” adierazten du; berdeak, “bakea eta esperantza”; eta txuriak “argia eta bakea”. Bestetik, beltza ere ageri da, “gerrak eta ondorengo diktadurak utzitako iluntasunari eta lutoari alusio egiteko”.