Laso eta Albisu, binakakoaren finalerdietan
Asteburuan 22-15 irabazi dute Altuna III.a eta Ladis Galartzaren aurka, eta finalerdietako ligaxkara sailkatu dira. Igandean, Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen aurka ariko dira, Bilbon.
Baikok Irribarria binakako txapelketatik kanpo utzi eta gero, eta orain arteko emaitzak ikusita, binakako txapelketa Goierriko ordezkaririk gabe geldituko zela zirudien. Baina ligaxkako azken partida irabazi egin dute Lasok eta Albisuk, eta finalerdietarako sailkatu dira. Ataundarra sendo aritu zen atzealdean, eta Lasok ere asmatu egin zuen erasoan; azkenean, 22-15 irabazi zieten Altuna III.a eta Galartzari. Ligaxkako laugarren postuan gelditu dira, jokatutako hamalau partidetatik zazpi irabazita. Horrenbestez, finalerdietan ariko dira Laso eta Albisu.
Datorren asteburuan hasiko dira finalerdietako ligaxkako partidak. Larunbatean, Ezkurdia eta Martija ariko dira Jaka eta Zabaletaren aurka Iruñeako Labriten. Igandean izango da Laso eta Albisuren txanda, Olaizola II.ren eta Urrutikoetxearen aurka, Bilbon. Beste bi jardunaldi ere jokatuko dituzte, martxoaren 14-15ean eta 21-22an. Finala, berriz, apirilaren 5ean izango da, Bilbon.