Mujikaren domina, artzaintzaren liburua eta Jakaren dohaintza
Joxe Mujika zumarragarrak zilarrezko domina lortu zuen Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan. Elortza ahizpek Aizkorriko artzaintzari buruzko liburua argitaratu zuten. Eta Angel Cruz Jakak, bere agiritegia Ezkio-Itsasoko udalaren esku utzi zuen.
Duela 15 urte, artean mendi lasterketen goraldia iristeko zegoen garaian, baziren mendiari lotuta lorpenak egiten ari ziren goierritarrak ere. Joxe Mujika zumarragarrak, esaterako, zilarrezko domina lortu zuen Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan. 48 urte zituen orduan; sailkapen orokorrean 11. bukatu zuen, baina beteranoen podiumean sartzea lortu zuen. Anson (Aragoi, Espainia) jokatutako proban, bost kilometro korrika, hamar bizikletan eta beste hamar eski gainean egin behar izan zituzten. Oso gustura agertu zen Mujika, batez ere, lasterketan parte hartu zuten gainontzeko kirolarien maila ikusita.
Bestelako kontuetan, Maixabel eta Lierni Elortza ahizpa segurarrek Urbia, Aizkorri eta Zegamako Artzaintza ikerlan-liburua aurkeztu zuten. Zegamako Udalak emandako beka bati esker egin zuten ikerketa antropologiko-historikoa, eta baita liburu mardul batean gauzatu ere. Artzainek beraien lanbidea “ohorez eta duintasunez” bizi dutela azaldu zuten egileek, eta lanbidea ez ezik, “bizi filosofia bat” dela haiena. Lehengo eta egungo artzaintzaren nondik norakoak aztertu zituzten, zuzeneko testigantzak jasota.
Ondarearen inguruko gaiekin jarraituta, Angel Cruz Jaka historialariak, bere artxiboetan zituen Ezkiori eta Itsasori buruzko agiriak, bertako udalaren esku utzi zituen, dohaintza baten bidez. Ezkio-Itsaso “XV-XVI. mendeetan bailara honetako herririk garrantzitsuenetako bat” izan zela azaldu zuten aurkezpenean. Iñaki Mendigurenek, “gerra-ondorengo kultura-zale eta langile amorratu” bezala deskribatu zuen Jaka, eta haren ekarpenaren garrantzia eta borondatezko lana azpimarratu zituen. Joseba Etxezarreta alkateak ere, esker oneko hitzak izan zituen Jakarentzat, eta “dokumentu hauek aztertzea oso garrantzitsua” zela azaldu zuen.