Emakume korrikalarien asteburu pasa egingo dute Zegaman martxoaren 27tik 29ra
Martxoaren 27tik 29ra Zegaman emakume korrikalarien asteburu pasa egingo dute, Salomonen eskutik. Izena ematea derrigorrezkoa da, martxoaren 22a baino lehen. 105 euro ordaindu behar ditu parte hartu nahi duenak.
Lehenengo Zegama Salomon WNM Camp egingo dute martxoaren 27tik 29ra bitartean. Emakume korrikalarien topaketa izango da, eta Salomoneko bi atleta profesionalekin batera ariko dira Zegama inguruko paisaiaz gozatzen: Oihana Kortazar elgetarrarekin eta Ainhoa Sanz urretxuarrarekin.
Zegama-Aizkorri maratoiaren zati bat egingo dute, eta Salomonen materiala erabiltzeko aukera ere izango dute. Talde jardueren tailerrak, bisitak, film laburren saioak eta prestakuntza-hitzaldiak dituzte antolatuta astebururako.
Arrieta Haundi landetxean hartuko dute ostatu atletek, ostiraleko 17:00etatik igandeko 17:00etara. Asteburu pasan parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea rockthesport.com webgunean, plaza gutxi baitaude. Martxoaren 22an amaituko da inskripzio epea, 10:00etan. Korrikalari bakoitzak 105 euro ordaindu behar ditu. Antolakuntza arduratuko da janariaz, entrenamenduez eta jarduerez.