Epaitegiek amiantoaren biktimatzat hartu dute CAFeko langile baten emaztea
Beasaingo CAFeko langile baten emaztea zen Bixena Burgete, eta senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu zen. Kalteordaina eman beharko diote haren alargunari eta familiari.
Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak jakinarazi duenez, epaitegiek amiantoaren biktimatzat hartu dute Bixenta Burgete, 2017ko martxoan hil zen CAFeko langile baten emaztea. Elkarteak nabarmendu duenez, “etxekoandre baten aldeko lehen epai irmoa” da Euskadi mailan. Amiantoarekin kontaktuan aritzeagatik gaixotu eta hil zela jasotzen du epaiak, senarraren buzoak garbitzeagatik.
Enpresak 175.897 euroko kalteordaina eman beharko dio Burgeteren alargunari, eta 15.000 eurokoa beste senitarteko bati. Asviamiek “enpresaren axolagabekeria” salatu du, eta “erantzukizunei aurre egin ez eta auzibideak luzatuz, jarrera eragozlea” erakutsi izana egotzi dio CAFi. Gainera, “Madrilgo Diputatuen Kongesuan, amiantoaren biktima guztientzako Konpentsazio Funtsa” behingoz sor dezatela eskatu dute.