Irakurketa sustatzeko egitasmoak abiatuko ditu Beasaingo liburutegiak
Gaurtik maiatzaren 10era arte bederatzi ekintza egingo dituzte. Euskarazko liburuak hartzen dituzten erabiltzaileen artean 30 euroko bonuak zozkatuko dituzte
Beasaingo Udalak eta liburutegiak «bereziki» euskarazko irakur zaletasuna sustatzeko neurriak aurkeztu dituzte. Datozen hiru hilabeteetan Orriz orri, eskutik eskura egitasmoa indarrean egongo da, eta bere baitan askotariko ekintzak antolatu dituzte. Denera, bederatzi kolpe izango dira: irakurle taldearen saioak, ipuin kontalariak, tailerrak, bertso saioak… Idazketa sustatzeko Igartza Literatur Beka eta Beasain Idazlehiaketa ere egitarauen txertatu dituzte, «irakurtzeko idazleak ere behar ditugulako», Xabier Matarranz kultur zinegotziaren hitzetan.
Euskarazko liburu bat mailegatzen duen erabiltzaile bakoitzari eskuorri bat banatuko zaio, eta erantzunda itzultzen badu, Mirentxu liburu dendan gastatzeko 30 euroko bonu baten zozketan sartuko da. Zozketak martxoaren 31n eta apirilaren 30ean izango dira, eta bakoitzean hiru bonu banatuko dira. Era berean, parte hartzaile guztien artean maiatzaren 7an ebook bat zozketatuko dute.
Erdigunean, Geltokian, Ezkiaga Auzoan eta Dolarea parkean liburuen trukea sustatzeko etxolak jarriko dituzte. Liburutegian erabilera txikia duten liburuak jarriko dituzte, eta hartu nahi duenak bere liburu bat utzi beharko du. Irakurle taldeak Euskal Liburuak Kalera egitasmoa prestatu du maiatzerako gustuko liburuak elkarbanatzeko.
Euskalzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa antolatu dute orain arte, baina egutegi arazoengatik Beasaingo Udalak hartu du egitasmoen kudeaketaren ardura. Hortik dator Orriz orri, eskutik eskura ekimena. «Irakur zaletasuna sustatzeko Beasainen antolatzen diren ekimen guztiak, solteak nahiz jarraipena dutenak marko berean jartzeko sortu da ekimen hau».
Orriz orri, eskutik eskura
Martxoa
· Gaur. XXI. Igartza Saria irabazi zuen Erika Elizariren Zendabalitz liburuaren aurkezpena. 19:00etan, Igartzako jauregian.
· 26, osteguna. Baleak salbatzera ipuin kontaketa. 17:30ean, Udal Bibliotekan.
· 27, ostirala. Beasaingo Irakurle Taldearen saioa. 17:30ean Igartzako jauregian.Apirila
· 5, igandea. Komiki tailerra, 11:00etan, Igartzako jauregian.
· 23, osteguna. Ibili alai, ipuinetan blai ipuin kontaketa. 17:30ean, Udal Bibliotekan.
· 24, ostirala. Beasaingo Irakurle Taldearen saioa. 17:00etan Igartzako Jauregian.
· 26, igandea. Beasain Idazlehiaketaren sari banaketa. 12:00etan Igartzako Jauregian.Maiatza
· 7, osteguna. Kontrako eztarritik liburuari buruzko bertso saioa. 19:00etan Igartzan.
· 10, igandea. Euskal Liburuak Kalera egitasmoa.