Txapelketa osoan Luzuriagaren bikote izan den Oier Alkorta min hartuta dago eta finalean Andonegik beteko du bere tokia.
Oiangu Pilota Elkarteko Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik Euskal Herriko pala txapelketako finala jokatuko dute, Ohorezko Mailan eta larruzko paletan, bigarren urtez jarraian. Aurreko asteburuan Iruñeko Tenis taldeari irabazi zioten finalerdietan (35-28), eta Euskal Herriko txapela Goierrira ekartzeko borrokatuko dute aurrelari ordiziarrak eta atzelari lazkaotarrak. Finala Olaberriako pilotalekuan jokatuko dute, larunbatean, 17:00etan, Sopelako Kureneren kontra.
Luzuriagak Oier Alkorta azpeitiar gaztearekin osatu du bikotea txapelketa osoan, baina atzelariak min hartu zuen joan den astean, eta Andonegik hartu zuen haren tokia finalerdietan. Andonegik berak jokatuko du finala ere. Alkorta lehenengo aldiz aritu da Euskal Herriko txapelketa jokatzen eta maila bikaina erakutsi du. Finalerdietarako sailkatu ondoren, txapelketa utzi behar izan du.
Final berezia izango da Luzuriagarentzat eta Andonegirentzat, iazko arantza kentzeko aukera izango baitute. Duela urtebete, tanto bakarrarengatik galdu zuten Euskal Herriko txapelketako finala Realaren aurka. Aurten, berriro ere finalerako txartela eskuratu dute, eta gogo biziz lehiatuko dira oraingoan txapela janzteko.
Euskal Herriko txapelketako EH Ligan, finalerdiak jokatu zituzten joan den asteburuan Hodei Irastorzak eta Gorka Berastegik ere, baina Oiangukoek ez zuten finalerako sailkatzea lortu. 35-21 galdu zuten Sopelako Kureneren kontra, aurkarien etxean.