Martxoaren 8a indarra hartzen hasi zenekoa
Emakumeen Nazioarteko Egunean Goierrin kontzentrazio gutxi egon ziren. GOIERRIKO HITZAk Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuen. Uglek Ibarretxe lehendakariaren esker ona jaso zuen
Kontzientzia feminista zenbat areagotu den jabetzeko, atzera begiratzea ariketa polita da: 2005eko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Goierrin dozena bat ekintza antolatu ziren, gehiengoa hitzaldiak, kultur jarduerak eta afariak. Kontzentrazio txikiak ere egon ziren herri nagusienetan, baina ez ziren oso jendetsuak izan. Greba deialdiak pentsaezinak ziren 2005ean. Halere, alor batzuetan ez da behar bezainbeste aurreratu, duela hamabost urte ere zaintza lanen prekarizazioaz eta soldata arrakalaz hitz egiten baitzen.
Ordizian, gazteei zuzendutako euskarazko piropo lehiaketa antolatu zuten. Orduko sei Hitzek, tartean GOIERRIKO HITZAk, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten «euskararen normalizazioan egindako lanagatik». Urola Garaiko Lanbide Eskolak ere instituzioen aitortza jaso zuen. Eusko Jaurlaritzaren Ekoskan saria jaso zuen, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren esker ona «Lanbide Heziketaren alde egindako lan eskergagatik».
Bien bitartean, Ataunen Atauniker kultur elkartea sortu zen, Ataungo herriaren memoria historikoa eta ondarea jasotzeko, gordetzeko eta zabaltzeko elkartea. Bidean Ataunekin lotura duten 110 lagunen testigantzak jaso dituzte, eta oraindik ere indarrean jarraitzen dute.
Elurra ezin gainetik kendu
2005eko negua gorria izan zen, sei elurte izan baitziren eta izotza sarri egin zuen. Azken elurte handia martxoko lehen astean izan zen, eta 30 zentimetro ere pilatu ziren, esaterako, Gabirian. Rallyesprinta bertan behera utzi behar izan zuten errepidea zuri eta labainkor zegoelako.
Udaltalde 21ek, Agenda 21ko prozesuak sustatzeko Goierriko herrien arteko ekimenak, iraunkortasun gaiei buruzko galdeketa egin zuen. Hiru herritarretatik batek onartu zuen ez lituzkeela bere bizi ohiturak aldatuko ingurumenaren mesedetan, nahiz eta gehiengoak baieztatu zuen «arduratuta edo oso arduratuta» zegoela gai sozio-ekonomikoekin eta ingurumenekoekin. Etxebizitzen garestitzea, enpleguen galera, atmosferaren kutsadura eta gune berdeen egoera identifikatu zituzten herritarrek lehentasunezko gaien modura.