Musikaz bete dute ganbara
'Ganbaran norbait dabil' egitasmoa jarri dute martxan Seguran, musika ardatz izango duen proiektu kulturala. Etzi kontzertua dute Pelax eta Lumi taldeek
«San Nikolas txikia, gure ganbaran hazia: Gure ganbaran zer dago? Haren gona gorria». Segurarrei ezagun egingo zaie abestia. San Nikolas Txiki egunean etxez etxe aritzen dira segurar gazteak eskean abesten. «Gure ganbaran hazia» dio lehenengo esaldiak. Abesti hori proiektuaren izenerako inspirazio iturri izanik, Ganbaran norbait dabil egitasmoa jarri dute martxan Seguran. Ostiralerako lehenengo kontzertua antolatu dute; Lumi eta Pelax artistak ariko dira Botikaxar kulturgunean.
Maddi Gerriko Ganbaran norbait dabil antolakuntza taldeko kidea da. «Lagunartean» ereindako proiektua dela azaldu du: «Musika gustuko dugun taldetxo batek pentsatu genuen herrian horrelako proiekturen bat antolatzeko beharra zegoela». Horrela, musika ardatz izango duen ekimen kulturala jarri dute abian: «Musikan oinarrituko gara, baina proiektuak naturalki aldaketak izaten baditu, ongi etorria izango da», jakinarazi du.
Proiektuak norabide ezberdinak har ditzakeen arren, badute helburu zehatz bat: «Musika desberdinak entzun eta entzutera ohituta ez gauden musika ezagutarazi nahi dugu». Kultur ekintzen eta produktuen balioa erdigunean jartzea ere bada Ganbaran norbait dabil taldearen asmoa: «Musika eta kultur ekintzak beste modu batera kontsumitzeko ohitura hartzea da oinarrietako bat». Sarri ez baita aintzat hartzen sortzaileen lana: «Ohituta gaude musika eta kultur arloan doaneko ekintzak egitera, baina lana dago horren atzean ere». Kultura sustatu eta lantzea ez dela «erraza» gaineratu du, eta esperientzia beste era batera bizitzera gonbidatu nahi dituztela herritarrak: «Sarrera ordaintzera eta kontzertuaz gozatzera gonbidatu nahi dugu jendea».
Segurako Udalaren eta Iparra- Hegoa elkartearen babesa izan dute proiektua martxan jartzeko: «Udalari eta Iparra Hegoa elkarteari eskerrak eman nahi dizkiegu, diruz lagundu digutelako ekimen berria aurrera eraman dezagun».
Lumi eta Pelax, ostiralean
Ostiralean, martxoaren 6an, lehenengo ekintza egingo dute. Lumi eta Pelax taldeek kontzertua eskainiko dute Segurako Botikaxarrean, 22:00etan hasita. Sarrerak 5 euro balio ditu.
Lumi 2014. urtean Ziburu eta Donibane Lohizune artean sortutako taldea da, Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatua. Pop elektronikoa egiten dute, eta 2019ko irailean azken lana kaleratu zuten: Itzal zikinak, haien lehen lan luzea dena, MoÏ MoÏ Records diskografikaren eskutik ekoitzia.
Pelax, bestalde, Unai Pelayo donostiarrak hasitako proiektu musikala da. 2013an hasi zen kontzertuak eskaintzen gitarraz lagunduta, eta 2014an taldea osatu zuen abestiak atontzeko. 2019an argitaratu dute azken lana, bi diskotan banatutako lau abesti luzerekin: AB eta DE. Segurarrek eta inguruko herritakoek aukera izango dute Pelaxen rock biziaz gozatzeko.
Gerrikok azaldu du luzerako proiektu gisa ikusten dutela Ganbaran norbait dabil ekimena: «Urtean behin egiten bada, ba beno, baina asmoa luzerako izatea da; eman diguten dirua baliatuz jarraipena eman nahi diogu». Ostiralean izango da aurkezpen saioa, Lumiren eta Pelaxen kontzertuekin.