Nwina proiektua diruz laguntzeko lau jaialdi antolatu dituzte Goierrin
Mozanbiqueko Bilene herrian garatzen ari diren Nwina proiektua laguntzeko lau jaialdi egingo dituzte datozen asteetan Goierrin. Aurrenekoa larunbatean izango da, Ordizian.
Lau elkartasun jaialdi antolatu dituzte Goierriko lau herritan, Bartzelonako Yoire gobernuz kanpoko erakundea Mozambiqueko Bilene herrian garatzen ari den Nwina izeneko proiektua diruz laguntzeko. Proiektuarekin kolaboratzen ari dira Ordiziako Ely Blarduni eta Joxi Zudaire pediatrak eta Arantxa Perez de Arenaza emagin legazpiarra.
Etzi, larunbata, Ordiziako Herri Antzokian, 16:30ean egingo dute lehena. Martxoaren 13an, Zaldibian, 28an Beasainen eta apirilaren 3an Lazkaon izango dira hurrengo datak. Sarrerak salgai daude ondorengo lekuetan: Ordiziako Larratxan, Amonanen eta Begue dendan; Zaldibiako, Lardizabala eskolan eta Joxepanen; Beasaingo Mirentxu liburu dendan eta Bideplaza tabernan; Lazkaon, Gerriko liburu dendan eta Maite tabernan.
Jaialdira joaten direnen artean hainbat gauza zozkatuko dituzte: Ordizia Rugby taldeko baloia, jokalariek sinatuta; Realeko baloia, jokalariek sinatuta; Realeko elastikoa; Usabiaga ahizpen maillota; Ane Mintegi tenislariaren erraketa eta pilota; Jon Alder Albisu pilotariaren elastikoa; Albisu, Altuna eta Olaizolak sinatutako pilota; Moriarti ekoiztetxearen Larogei egunean, Handia eta Kalebegiak filmeen DVDa; Loreak, Handia eta Trinchera Infinitako zuzendariek sinatutako posterra; eta, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren liburuak.
8.000 euro behar dituzte
Nwina proiektua, lehen mailako osasun laguntza sendotzen laguntzen duten estrategien artean kokatzen da. Haurren medikazio unitatea sortu zuten eta 8.000 euro behar dituzte materiala erosi ahal izateko.