'Zendabalitz': Igartza Literatur Bekaren 21. alea kalean da
Igartza sariaren emaitza jendaurrean aurkeztu du Erika Elizaraik. 'Zendabalitz' eleberriak hegazkin bateko bidaia kontatzen du zazpi bidaiariren pentsamenduen bitartez.
Erika Elizaraik, 2018ko Igartza Literatura Bekaren irabazleak, aurkeztu du bere lana jendaurrean. “Zendabalitz hegaldi baten kronika da. Baina hegazkina aitzakia bat da, funtsean gehiegi pentsatzeari buruz hitz egin nahi bainuen”, azaldu du idazle hernaniarrak. “Zenak, denak eta litekeenak edo izan daitekeenak sortzen dizkigun buruhausteei buruzko lan bat da. Hegazkinean bidaiari gehiago doaz, baina nik fokua zazpirengan jarri dut eta euren kezketan”. Eleberriak Paristik Bolborako bidaia kontatzen du bidaiarien pentsamenduen bitartez.
“Emaitzarekin pozik nago”, onartu du Elizarik. Hasieran buruan zuen ideia ongi irudikatu duenaren sentsazioarekin gelditu da buruan zituen pertsonaiak eta tramak mantendu egin baititu. Halere, “hasieran liburuak lotura zuzenagoa izan behar zuen oraina, iragana eta geroarekin, eta orain presente dago baina ez da ardatz nagusia”, abisatu du. “Epeek presionatu egin naute, baina lagundu ere bai. Bestela, agian, oraindik ideiei bueltak ematen eta idazten ibiliko nintzateke”. “Aitortu behar dut Igartza Sarian izena emateko proiektua azaltzea eskatzen dizutela, eta horrek behartu ninduela ideiari forma txukun bat ematen. Bestela nora zoazen jakin gabe has zaitezke idazten eta saldu duzun ideiatik aldendu”.
Elizarairen lehen lan potoloa da. Aurretik liburu klasikoak moldatuko ditu Txirri, Mirri eta Txiribitonekin enkarguz, eta telebista eta bideo munduan lan egindakoa da. “Buru barruko elkarrizketak noski egin daitezkeela bideo formatuan, baina liburua euskarri hobea iruditzen zitzaidan”. Hernaniarrak asteburuetako telefilmeen ukituak sartu ditu, baita komedia uneak. “Umorea egitea zaila den arren, arintasuna ematen dio tramari”, argudiatu du. “Norbait telefilma egitera ausartzen bada…”, esan du txantxetan Elizarik. “Esan didate tramak antzerki formatuan ongi funtzionatu dezakeela. Ea etorkizunean gidoia garatzeko aukera dudan”.
23. deialdia, zabalik
2020ko Igartza Idazle Beka zabalik dago jada. Interesatuek ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dituzte landu nahi duten kontakizunaren azalpen laburra, 15-20 orrialdeko idazlanaren lagina eta egilearen datuak. Online bidez eta Beasaingo Udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztu daitezke dokumentuak. Hautatuak 6.000 euro jasoko ditu: erdia hautatua denean, eta beste erdia lana aurkeztean. Udazkenean jakinaraziko da 23. edizioko irabazlea nor den, eta urte eta erdi izango du ideia gorpuzteko. Irati Goikoetxea beasaindarrak irabazi zuen 2019ko Igartza Saria. Ondo bidean, urtebete barru argitaratuko du lana.