Emakumeen aldeko adierazpena
Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala onartu dute, «berdintasunezko gizarte inklusiboa» helburu hartuz eta mobilizazioetan parte hartzeko dei eginez.
Goierri garaiko udalek adierazpen instituzionala adostu dute Martxoaren 8ari begira. Dokumentuan «konpromiso irmoa» adierazi dute, pertsona guztien eskubideak eta parte hartzea bermatuko dituen «berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko». Bestalde, konpromiso horrekin aurrera egiteko hartu ditzaketen hamaika neurri ere zerrendatu dituzte. Tomas Etxaniz Ezkioko alkatea, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotzia, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Edurne Gonzalez Legazpiko zinegotzia eta Ines Benitez Zumarragakoa arduratu dira adierazpen instituzionala aurkezteaz. Ekitaldiaren amaieran herritarrei dei egin diete «Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte hartzeko».