'GoiBerri'-ren aro berria
Duela zortzi urte sortu zen 'GoiBerri' astekaria, 'Goierritarra' eta 'Otamotz' aldizkarien bategitetik. Diseinu berriaz gain, atal eta kolaboratzaile berriak ere estreinatuko ditu, bihartik aurrera
Garai berriek erronka berriak dakartzate. GoiBerri aldizkariak ere aro berri bati ekingo dio bihartik aurrera, eta goitik behera berrituta ekingo dio, gainera. Zortzi urteko ibilbidearen ondotik, eskualdeko astekariak diseinu berria estreinatuko du, baita atal eta kolaboratzaile berriak ere. «Komunitate zentzu handiagoa» izango du astekariak hemendik aurrera, parte-hartze handiagoarekin, gaiak lantzeko beste modu batekin, eta batez ere, aurpegi berri askorekin.
GoiBerri astekaria 2012ko otsailean sortu zen, Goierritarra eta Otamotz aldizkarien bategitetik. Eskualde osoa kontuan hartzen duen euskarazko lehendabiziko aldizkaria izan da. Zortzi urteko ibilbidean, 364 zenbaki argitaratu ditu, eta 3.500 artikulu baino gehiago.
Gai askotan erreferente izan da eskualde mailan; Gure Esku Dagoren ibilbidea gertutik jarraitu du, Goierrin egingo zen galdeketaren berri estrainekoz emanez. Gizarte gaiei arreta berezia jarri die, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari, ingurumenari eta lehen sektoreari buruzko hainbat artikulu eta atalekin. Transexualitatea eta sexu aniztasunaren arloan ere, oihartzun handia izan duten testigantzak jaso izan ditu.
Itxura eta atal berriak
Zortzi urteren ondoren, berritzeko garaia iritsi zaio aldizkariari, itxuraz zein mamiz. Hainbat gogoeta saio eta eragileren ekarpen jaso ondoren, Goierriko Hedabideek biziberritu egin nahi izan dute aldizkaria. Diseinuaz gain, gai, atal eta kolaboratzaile aldetik berrituta eta indartuta etorriko da; baita orrialde kopuruari dagokionean ere, hemendik aurrera, astero gutxienez 20 orrialde izango baititu aldizkariak.
Goierriko Hedabideek 2018an ekin zioten gogoeta prozesuan dago orain datorren aldaketaren lehen hazia. Eskualde mailako arlo ezberdinetako dozenaka eragilek parte hartu zuten bertan. Prozesu horretan egindako saioetan, 50 lagun baino gehiago aritu ziren gogoetan eta ekarpenak egiten. Horri, irakurleen artean egindako inkesta eta bertatik jasotako ideiak gehitu behar zaizkio.
Gogoeta saio horietatik ateratako ondorioetako bat, aldizkariari izaera partehartzaileagoa emateko beharra izan zen, baita diseinua berritu eta hainbat atal berri sortzekoa ere.
Prozesu horretatik jasotako ideia eta ekarpenei forma eman eta aldizkari berria diseinatzen aritu da lantaldea azken hilabeteetan. Adaki etxeko Eneko Maiz arduratu da diseinu lanaz, eta haren esanetan, «orain arteko estetikarekin apurtu» egin nahi izan dute, diseinu berriari «izaera garbiagoa eta gaurkotuagoa» emanez.
Berrikuntza horren emaitza bihartik aurrera ikusi ahal izango dute Hitzakideek eta GoiBerriko harpidedunek. Orain arte ez direnek, eskaintza berezi bat ere izango dute urtebetez harpidetza egiteko. Aldizkari berriarekin batera egingo den zozketan parte hartzeko azken eguna biharkoa izango da, goierri.hitza.eus/goiberri webgunean.