Kirola elkarrekin egiteko deia
Desgaitasuna dutenak eta ez dutenak batera ariko dira kirolean, igandeko jardunaldian. Atzegik eta herriko hainbat kirol elkartek prestatu dute 400 kirolarirentzako topaketa
Emakumeen eguna ez ezik, kirola elkarrekin egiteko eguna ere izango da Legazpin igandea, martxoaren 8a. Bederatzigarren urtez, Atzegik eta herriko hainbat kirol elkartek antolatuta, Kirola Elkarrekin jardunaldia egingo dute Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 400 kirolari inguru el- kartuta.
Kirolaren inguruko topaketa da Kirola Elkarrekin jardunaldia, eta bere helburua adimen desgaitasuna, desgaitasun fisikoa eta desgaitasunik gabeko pertsonak kirolaren praktikan elkartzea da. Jardunaldiak desgaitasuna duten pertsonen inklusioan laguntzeko xedea du.
14 elkarte, 400 kirolari
Urtetik urtera Legazpin indarra eta presentzia hartzen ari den jardunaldia da Kirola Elkarrekin, eta aurten herriko Atzegi, Izadi Zaleak mendi taldea, Legazpi igeri elkartea, Ilintxa futbol elkartea, Legazpiko Gazteak pilota kluba, Danantzako bola taldea eta Andraitz saskibaloi elkartea izango dira partaide eta anfitrioi. Izan ere, kanpotik ere etorriko dira kirolariak eta elkarteak: Gipuzkoako Gautena, Konporta eta Mindara eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Bizkaiko Gorabide eta Arabako Aspace.
Herrikoak eta gonbidatuak elkartuta, 14 elkartetako 400dik gora kirolari izango dira igandean Legazpin.
Kirola Elkarrekin 09:30ean hasiko da, Legazpiko Udalaren eta Atzegiren ongi etorriarekin. Kirol jarduerak 09:45ean hasiko dira: futbola Bikuñako zelaian; saskibaloia, igeriketa, indoor zikloa eta zumba kiroldegian; bolak Danantzako bolatokian; mendi martxa Lakiolara; eta pala Urbeltzen.
Festa giroaren tartea izango da ondoren; 13:30 inguruan bazkaria izango dute Gizarte Zentroan eta gero, musika eta dantzaldia.