Nekazari tresnez beteriko kamioia abiatu da Legazpitik sahararren kanpalekuetara
Legazpiko Bellota lantegiak atzera utzitako nekazari tresnak eman dizkio Hare Haizea sahararren aldeko elkarteari, eta Vesga fruta saltzaileek kamioi zahar bat eman dio. Nekazari tresnak kamioian sartu, eta gaur bertan abiatu da sahararren kanpalekuetara.
Hare Haizea elkarteak nekazari tresnez beteriko kamioi bat bidali du gaur goizean Legazpitik sahararren kanpalekuetara. Legazpiko Bellota Herramientas lantegiak emandako tresneria da, atzera geratu zaizkien aitzurrak eta baratzeetan lan egiteko bestelako tresnak. Kamioia, berriz, Vesga fruta salmenta enpresak eman du, eta kanpalekuetan erabiltzeko izango da hori ere. Kamioi txikia beste kamioi handi baten gainera igo, eta Alacantera bidali dute; handik, ferryan, Aljeriara bidaliko dute eta han Fronte Polisarioak hartu eta kanpalekuetara eramango dute.
Honako hau Hare Haize elkarteak martxan jarritako Basamortuko Oasia proiektuaren bigarren zatia da. Duela hilabete batzuk ere bidali zituzten Bellotak emandako nekazari tresna gehiago. Sahararren kanpalekuetan lantzen ari diren baratzeetan erabiltzeko tresnak dira.
Bellota eta Vesgaz gain, legazpiarrek emandako laguntza ere eskertu nahi du Hare Haizeak, baita ere Saniko Kuadrilla elkartasunezko paellen bidez bildutako diruagatik, CIE enpresa iaz emandako diru laguntzagatik, Legazpiko Udala eskainitako erraztasunegatik, Legazpin bizi diren sahararrak eta Lenbur Fundazioa.