'Andre eta jabe' ikuskizunarekin hasiko da Martxoan Bertsoa
Martxoan Bertsoa egitaraua zabaltzeko, Eider Perezek eta Leire Etxezarretak antzerkia, bertsoak eta poesia uztartzen dituen 'Andre eta jabe' ikuskizuna egingo dute gaur, Zelai Arizti kultur etxean.
Urretxuko eta Zumarragako Martxoan Bertsoa ekitaldi sorta gaur hasiko da, Andre eta jabe ikuskizunarekin. 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean, Eider Perezek eta Leire Etxezarretak emakume poeten bizitzak eta ahotsak oholtzara eramango dituzte. Euskal emakume poeten berri emateko, antzerkia, bertsoak eta errezitaldia erabiliko dituzte. Zuzeneko musikak lagunduta, oharkabean igaro diren ahotsak ezagutu eta gozatzeko aukera egongo da.
Hilaren 13an, berriz, bertso afaria egingo dute Zumarragako Amalur elkartean. 21:00etan hasiko da. Miren Artetxe eta Igor Elortza bertsolariek abestuko dute. Langileek 15 euro ordaindu behar dute eta ikasleek eta langabetuek 10 euro. Apatxe eta Berit tabernetan eman daiteke izena. Horretarako azken eguna astelehena da.
Bazkaria
Bukatzeko, hilaren 28an bazkaria egingo dute. Nahi duten guztiek parte har dezakete. Ondoren, bertso poteoa egingo dute tabernaz taberna.
Ekitaldi hauek guztiak ZU bertsotan elkartean antolatu ditu, bi herrietako udalen laguntzarekin.