Bi emakume, lanbide bat
Legazpiko taxi gidarien zerrendan, bi emakumezkoenak dira: Juanita Arsuaga (1933) eta Puy Zalduendo (1970). Lehena aitzindaria izan zen Gipuzkoan eta jubilatuta dago gaur egun; bigarrenak lanean jarraitzen du.
Juanita Arsuagak (1933) eta Puy Zalduendok (1970) bazuten elkarren berri, biak Legazpikoak direlako eta biak lanbide batek elkartzen dituelako, taxi gidariarenak. Egun gutxira arte, ordea, ez dute izan lanbide horretaz patxadaz elkarrekin hitz egiteko aukerarik. Bakoitzaren hasierak, anekdotak, bezeroak, bidaiak… eta lanbide horretan emakume izanda jarduteaz berriketan aritu dira kafesne baten bueltan.
Senarrari laguntzeko
Taxia hartzeko gidatzeko baimena atera behar izan zuen lehenengo Juanita Arsuagak. 1973an atera zuen; ordurako 40 urte zituen, ezkonduta zegoen eta 12 urteko semea eta 6 urteko alaba zituen. Juanito Odria senarrari laguntzeko hasi zen taxiarekin. Odria taxista zen garai hartan, asteburuetan bakarrik, astean zehar fabrikan egiten baitzuen lan. Baina egoera hura ez zen, nonbait, Legazpiko gainerako taxi gidarien gustuko, eta astean ere taxiarekin jardun behar zuela esan zioten; bost taxista zeuden orduan herrian. Baina lantegiko lana ez zuen utzi nahi, ezta taxi gidariarena ere. «Lizentzia badut, diru bat ateratzen dut, eta utzi egin behar dut? Zuk bazenduke karneta…» esan ziola gogoratzen du Arsuagak, eta proba egiteko prest agertu zen. Hala, ‘segunda’-ko karneta atera zuen lehenik, eta gero ‘primera’-koa, Donostian psikoteknikoa eginda eta kamioarekin gero. Urte betera hasi zen taxia gidatzen, Peugeot 504; hala, senarrak asteburuetako lana egiten zuen, eta berak astegunetakoa.
Hasierak gogorrak izan zirela dio, «orduan emakumea ez zegoen ondo ikusita sukaldeko lanak utzi eta gizonen tartean lanean». Ez du seguru, baina garai hartan Gipuzkoako taxisten artean emakume bakarra zela uste du; gerora Aian eta Eibarren bazirela jakin zuen. «Gizonek ez zuten onartzen eurekin batera emakume bat lanen; esan, ez zuten ezer esaten, baina nabaritu egiten zen». Hala ere, Tomas Donazarrek hasieran lagundu ziola gogoratzen du. Bezeroen aldetik, ordea, ez zuen sumatu inolako diskriminaziorik, alderantziz, gizonezko batzuk animatu egiten zuten. Gizona ere pozik zegoen, etxerako diru sarrera zelako taxiarena.
Hasieran poliki-poliki, baina lanbideari martxa berehala hartu ziola dio. Garai hartan lan asko gaixoekin egiten zela gogoratzen du, «hura zen enpresa ona»: Tolosara, Donostiara, Iruñera… «Zenbat eraman ote nituen Onkologikora, Donostiako ospitalera, edo Opusera. Nonbait, ni emakume izateak konfiantza ematen zien, eta ahoz aho pasatzen zuten nire izena. Jende nagusiari, gainera, kotxea aparkatu eta kontsultaraino laguntzen nituen”. Zerbitzu haietako batean Donostiako ospitalera erditzera zioan emakume bat eta bere ama hartu zituen, baina ez ziren Donostiaraino iritsi; haurrak presa zuen jaiotzeko eta Tolosako klinikan geratu behar izan zuten.
Aireporturako bidaiak ere asko ateratzen ziren. Askotan joaten zen bezeroen izena txartel batean jarrita haiei itxoitera. Enkarguak egitera ere eramaten zituen emakumeak… Orduan ohitura gehiago zegoen taxia hartzeko, ez zegoelako orain bezainbeste auto ,eta garraio publikoa ere ez zelako gaur bezalakoa. Baina gauzak aldatzen joan ziren, batez ere gaixoekin, anbulantziak jarri zituztelako. Asko jaitsi zen haren ondorioz taxia.
Senarra jubilatu zutenean, Arsuagak lanean jarraitu zuen, baina inoiz bidaiaren bat edo beste egin nahi ez zuenean, bera, senarra, ibiltzen zen. Gauak ere ez zituen oso gustuko, mozkortutako edo drogatutako jendearen edo lapurren beldur.
Arcelorretik taxira
Puy Zalduendoren curriculuma beste era batekoa da. Arcelor lantegian lan egiten zuen, Zumarragan, eta hura ixtean taxia hartzea erabaki zuen. «Lantegia itxi eta gutxira Legazpiko taxistekin hasi nintzen hitz egiten, eta denek postua utzi egin behar zutela esan zidaten, Legazpi taxi zerbitzurik gabe geratuko zela. Herrian nola lan egiten zen galdetu nien, eta azkenean taxi plaza bat hartzea erabaki nuen». 2016ko abenduan hasi zen, 47 urte zituenean eta neskato baten ama zela, Mercedes zuri batekin. Ordurako gida baimena bazuen, ‘primera’-koa, eta horrekin nahiko izan zuen, nahiz eta kamioarena eta autobusarena ere aterata zituen.
«Gauza berri bat probatu nahi nuen, eta oso gustura nago hautuarekin». Lankideen artean ez zuen inolako errezelorik sumatu Zalduendok emakume izateagatik, ezta bezeroen aldetik ere. Enpresentzat egiten du lan batez ere, aireporturako bidaiak bereziki. Baina partikularrekin ere lan egiten du, jende adinduarekin, gaixoekin… eta asko gustatzen zaiola aitortzen du. «Lan hau polita da, pertsonak lagundu egiten ditudalako, askotan kontsulta bertaraino; bihotzez egiten dituzun zerbitzuak dira».
Arsuagak ez bezala, Zalduendok gauetan ere lan egiten du, asteburuetan batez ere. «Herriko gazteriarekin konpromiso bat hartuta dut; gazteek arratsaldean deitzen didate eta gauerako hitzordua egiten dugu. Etxeraino eramaten ditut gero, batez ere neskak». Bestela, deiak ez ditu hartzen gauez, ez duelako arriskatu nahi, bezeroa zein baldintzatan datorren beldur da.
Lehen eta orain
Ordurik gabeko eta ordutegirik gabeko lana dela diote biek. Zalduendok, hala ere, gaur egun desberdina dela uste du; bera, Arsuaga ez bezala, taxi geralekuan ez da ia egoten, telefono mugikorraren bidez egiten ditu hitzorduak; lehen, berriz, «gehiegi ere bai», erantzun dio Arzuagak, bezeroen zain edo han zuten telefono finkoak noiz joko zain. Gaur egun bezeroak eskatzen duenean haren esanetara egotea da balio duena.
Telefonoa ez da bi taxi gidari hauen garaiak desberdintzen dituen bakarra, GPS-a ere aipatzen du Arzuagak: «Nik eduki izan banu, oraindik taxian jarraituko nuke». Nabigazio sistemarik gabe lan nola egiten zuen ondo gogoratzen du: «Taxista izan arren, beste gidariak bezalakoa zinen, batez ere lekuren batera lehen aldiz joaten zinenean. Herriak gutxi gora behera ezagutzen nituen, okerrena hiriburuetan izaten zen. Baina batzuetan bezeroak laguntzen zidan argibideak emanda, beste batzuetan aurretik begiratzen nuen planoan, enpresek ere esaten zidaten nola iritsi…».
Taximetrorik ere ez zegoen lehen; Arsuagaren garaian bidaien prezioak finkatuta zeuden, taxi geltokitik Laubide auzoraino hainbeste, Zumarragara beste hainbeste… Kilometroak zenbatuta ere kobratzen zen orduan. Gaur, taximetroak markatzen du bidaiaren kostua, eta barruan sartzen dira itxarote orduak.
Bezeroekin izaten den harremana, berriz, antzekoa zen lehen eta orain; batzuk, aurrean eseri eta hitz egiteko bidea ematen dute, batez ere herrikoek eta ezagunek, eta beste batzuk, enpresa mundukoek adibidez, nahiago dute atzean joan. Horrela hobe dela diote bi taxi gidariek, bereziki beste hizkuntza batean hitz egiten badute.
Madrilera egin du Arsuagak bidaiarik luzeena, Majadahondasera. Zalduendo, berriz, Alemaniara joana da, 13 orduko bidaian, pieza bat eramateko enpresa batek kontratatuta; Bartzelonan, Badajozen eta Madrilen ere izanda da. Azken bidai hori gogoan du, berezia izan zelako: emakume edadetu batzuk eraman zituen hileta batera, eta hiriburuan leku batetik bestera eraman zituen.
Arsuagak oraindik indarrean dauka gidatzeko baimena, baina ez du gidatzen honezkero; alabak eramaten du nahi duen tokira. Berak makina bat kilometro egin ditu, 1974tik 1988ra taxi gidari gisa lan egindako 24 urteetan. Zalduendok ere egin ditu kilometro mordoa 2016tik, baina honek oraindik bide luzea du egiteko aurretik.