CAFeko lan batzordeak salatu du amiantoak eragin zuzena duela senitartekoetan
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ohartarazi dute amiantoak emakume aurpegia ere baduela. Epaile batek lehendabizikoz ebatzi du CAFeko langile baten emaztea amiantoaren erruz hil zela aste honetan.
“Amiantoak hildako langile guztiak ez daude aitortuak, eta hori oso larria eta onartezina da. Amiantoak hildako langile ikusezinak daude. Horiek guztiak ilunpetik argitara atera behar ditugu”, aldarrikatu dute Olatz Madariaga eta Desire Gabilondo CAFeko langile batzordeko LABeko eta ELAko ordezkariek. “Amiantoak emakumezko aurpegia ere badu”.
Epaile batek aste honetan lehendabizikoz onartu du CAFeko langile baten emaztea amiantoaren erruz hil zela. Bixenta Burgete 40 urtez ibili zen bere senarraren CAFeko laneko arropak garbitzen. Minbiziak erail zuen azkenean, eta medikuek ez dute dudarik senarrak arropetan etxera eramandako amiantoa arnasteak eragin ziola gaixoa. “Produkzioan gaixotutako langileez gain, honek frogatzen du zeharka gaixotu direnak ere badaudela. Amiantoaren erruz gaixotu diren guztien aitortza exijitu nahi dugu”. CAFeko 50 langile hil ditu amiantoak sindikatuek helarazitako datuen arabera, zeharkako biktimak kontuan hartu gabe.
Langile batzordeko kideek beste bi kasu badituzte identifikatuta Burgeteren kasuaz gain: “Puri Muñoz eta Maria Dolores Sabino. Hiru familia, bi bikote eta alaba bat. Hiru emakume. CAFeko familiartekoen buzoak garbitzegatik amiantoa arnastu eta gaixotuak. Horietako bi jada hilda daude, inolako aitortzarik gabe”.
Enpresa buruei, politikariei eta instituzioei eskatu diete “inolako diskriminaziorik gabe amiantoaren biktima guztiak onar ditzatela. Biktimen zerrenda publiko egitea eta, behingoz, amiantoaren ondorioak eta biktimak gutxiesteari uztea”. CAFi eskatu diete Burgeteren, Muñozen eta Sabinoren gaixotasun laborala onartzea.