Goierriko Itzuliarekin hasiko da txirrindulari denboraldia Urretxun
Lasterketa bihar izango da, 15:30ean. Txirrindulariek 119 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Denboraldia primeran hasi duen Isasa urretxuarra parte hartzaileen artean egongo da
Goierri kirol elkarteak bost txirrindularitza proba antolatuko ditu aurten. Lehenengoa bihar bertan izango da: Goierriko Itzulia. 23 urte azpiko eta Elite mailako txirrindulariek parte hartuko dute. Lehendakari txapelketarako puntuagarria izango da.
Goierri kirol elkartean aritutako sei egongo dira parte hartzaileen artean: Aner Arozena (Ciclismo Riojano), Alex Diaz (Eulen), Xabier Isasa (Eulen), Mikel Mujika (Caja Rural), Edorta Perez (Debabarrena) eta Jon Tena (Rias Baixas).
Txirrindulariak 15:30ean abiatuko dira Urretxuko Labeaga kaletik (Goierri kirol elkartearen paretik). Helmuga toki berean egongo da. 119 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Mendate bakarra igoko dute: Azkarate, Azkoititik. Mendate hau helmugatik 24 kilometrora egongo da.
Xabier Isasaren hitzak
Aipatu bezala, parte hartzaileen artean Goierri kirol elkartean aritutako sei txirrindulari egongo dira. Horien guztien artean, Isasa da denboraldia indartsuen hasi duena. Lehen urtea du 23 urte azpikoen mailan. Eulen taldearekin fitxatu du. Joan zen larunbatean zazpigarren postuan sailkatu zen Zumaiako lasterketan. Biharamunean, Ereñon, 20. postuan sailkatu zen. «Zumaiako lasterketa gehienetan esprintean bukatzen da, baina euria egin zuen eta tropela hautsi egin zen. David Etxeberria zuzendariak adi egoteko esan zigun eta aurreko taldean sartzea lortu nuen».
Ilusio handia egiten dio bihar Urretxun aritzeak. «Etxean aritzeak ilusioa egiten dit, baina ibilbidea ez da niretzat egokia. Izan ere, nahiko laua da. Nik gogorragoa beharko nuke».
Goierri kirol elkarteak beste lau lasterketa antolatuko ditu aurten. Aurtengo gazte mailako Gipuzkoako Klasika Urretxun izango da, apirilaren 19an. Txirrindulariek 124 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Udala lautan igoko dute: bitan Legazpitik eta beste bitan Oñatitik.
Maiatzaren 23an Mendijurren oroimenezkoa izango da, kadete mailako txirrindularientzat. 68 kilometroko ibilbidea egingo dute. Atagoiti eta Eitza igoko dituzte, azken hau helmugatik 3,3 kilometrora.
Ekainaren 13an txirrindulari eskolen lasterketa izango da, bi herrietako kaleetan. Bukatzeko, uztailaren 19an gazte mailako Zumarraga Hiria lasterketa izango da. Ibilbideak 105 kilometro izango ditu eta Antion amaituko da.