Musikatik harago doan astea
Lazkao Txiki Musika Eskolak 6. kultura astea martxoaren 23tik 29ra garatuko du. Egunero ekitaldiak jarrita hornituko dute astea. Eragile askok parte hartuko dute
Lazkaoko arte eta kultura esparrua hornitzen duten elkarteek elkarlanaren beste fruitu bat ondu dute, musikaren arloan oraingoan. Lazkao Txiki Musika Eskolak kultura astea antolatu du martxoaren 23tik 29ra bitarterako. Seigarren ekitaldia du, eta ikastetxearen jakintza-eremuak aise gaindituko ditu berriz. Oin-Arin dantza taldea, Maizpide euskaltegia, Gerriko kultur elkartea, Sanitas-Txindoki egoitza, Orobione jubilatu elkartea, San Benito ikastola eta Lazkaoko Udala bidelagun hartuta, musikan oinarritutako ekitaldi sorta oparoa zabalduko dute beste hainbat eremutara.
Egitarau kalitatetsua eta mardula eratu dute. Musika eskolako irakasleen ekarpena nabarmena izango da, beste behin. Beñat Barandiaranek, adibidez, gitarra jotzeko modu bereziak erakutsiko ditu tailer batean, batean ikastolako ikasleentzat, beste batean herritar guztiei irekian, Angel Untzu lagun duela.
Ikus-entzunezkoa ere prestatu du, Sokak izenekoa. «Soka elementuan oinarrituta dago, musika, natura eta arrisku kirolak uztartuta. Ikuskari poetikoa da, musika bisuala. Une oro, hari-tresnen musika dauka entzungai, batez ere gaztetxoek musika klasikoarekiko duten gaitzespena kentzeko», dio Beñat Barandiaranek.
Une lasaiak eta «ileak tentetzekoak» tartekatu ditu, ordubeteko iraupeneko lanean. Bi saio dira hor ere, ikasleena eta irekia.
Gerrikorekin elkarlanean, Euskal Kantu Txapelketak seigarren aldia izango du. Oin-Arinekin batera, erromeria girotuko dute plazan musika eskolako trikitilariek.
Edadekoentzat ere badu eskaintza, bakoitza. Sanitasekin eta ikastolarekin, bingo musikala errepikatuko dute Arerian, egoiliarrek eta edozein herritar edadetuk parte hartzeko. Orobione aurrean, berriz, dantzaldia egingo dute.
AMAK taldea Lazkaon
Kanpoko talde esanguratsuak ere ekarriko ditu Lazkao Txiki Musika Eskolak. AMAK proiektua da bat. Garai batean beste bikotekide batzuekin musika-munduan entzutea izan ondoren, lau ama elkartu dira, eta izenen hasierekin AMAK osatu: Kristina Solano, Amaia Oreja, Maixa Lizarribar eta Lazkaon bizi den Alaitz Telletxea «formula berriak» joz ariko dira, martxoaren 24an, kultur etxeko erakusketa aretoan (19:00).
Attrium Ensemble hari, piano eta ahots taldearen kontzertua, eta Agustina Otaola erraketista errenteriarrari buruzko Gu Agustina dantza eta bertso ikuskaria dira beste bi eskaintza aipagarri. Trikiti txapelketa egingo dute, baita ikasleen konbo taldeen kontzertua ere.
6. Kultur astea
· Martxoak 23, astelehena. Gitarra jotzeko modu bereziak, 13:30 eta 20:00. Euskal Kantu Txapelketa, 17:30, Arerian.
· 24 asteartea. Bingo musikala, 10:30. Ipuin musikatua, 14:30. AMAk taldea, 19:00. ‘Sokak’ ikus-entzunezkoa, 21:30.
· 25 asteazkena. Dantzaldia, 11:00. Beat Box, 14:30. Attrium Ensemble taldea, 19:30.
· 26 osteguna. ‘Sokak’ ikuskaria, 11:00, 14:30. Musika Kalean, 17:00. Kolpez Blai batukada, 19:00.
· 27 ostirala. Kantu-jira, 11:00. Kantu saioa Maizpiden, 11:30. Erromeria, 17:00. Konboak, 18:30.
· 28 larunbata. 4.Trikiti Txapelketa, 17:00.
· 29 igandea. ‘Gu Agustina’, dantza eta bertso saioa, 13:00.