Herritarrek Ordiziako Herri Antzokia bete dute Nwina proiektuari babesa emateko
Takolo pailazoak eta haren lan taldeak, Goierriko zortzi ikastetxeetako ikasleekin ikuskizun polita egin dute. Gaurkoa, antolatu dituzten lau jaialdien lehena izan da.
Elkartasun jaialdia egin dute Ordiziako Herri Antzokian Yoire gobernuz kanpoko erakundea garatzen ari den Nwina proiektua diruz laguntzeko. Takolo pailazoak eta haren lantaldeak, eskualdeko zortzi ikastetxeetako ikasleekin batera, haur eta helduentzako ikuskizun polita egin dute. Herritarren aldetik erantzuna bikaina izan da, Herri Antzokia goraino bete baitute. Antolakuntzako kideak “emozioz beterik eta oso pozik” daude eta “eskerrak eman” dizkiete ekitaldia babestu duten guztiei.
Gaurkoa, lau jaialdiren lehena izan da. Martxoaren 13an, Zaldibian, 28an Beasainen eta apirilaren 3an Lazkaon izango dira hurrengo datak. Sarrerak salgai daude ondorengo lekuetan: Ordiziako Larratxan, Amonanen eta Begue dendan; Zaldibiako, Lardizabala eskolan eta Joxepanen; Beasaingo Mirentxu liburu dendan eta Bideplaza tabernan; Lazkaon, Gerriko liburu dendan eta Maite tabernan.
















