Arantza txapel bihurtuta
Oianguko Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik Ohorezko Mailan Euskal Herriko txapelketa irabazi dute paleta larruz. Oier Alkortak ezin izan du finala jokatu min hartuta dagoelako
Aurten bai, Oiangu Pilota Elkarteko Aitor Luzuariagak eta Azeari Andonegik paleta larruz modalitatean Euskal Herriko txapela jantzi dute. Olaberriko frontoian jokatu zuten finala larunbatean, Sopelako Kurene taldeko Garziaren eta Agirreren kontra. 35-22 irabazi zuen goierriko bikoteak. Bi palariak pozik agertu dira, iazko arantza kentzea lortu zutelako. Iaz, finalera iritsi bai, baina tanto bakarragatik galdu zuten. Bestalde, Oier Alkortarekin ere gogoratu da Luzuriaga. Izan ere, Alkorta, min hartuta, ezin izan du txapelketako finala jokatu, horregatik, Andonegik bete zuen haren tokia.
Emaitza ikusita, iritzi daiteke, partida erraz joan zela baina, 20. tantora arte, partida oso parekatua izan zen, akatsak egon zirelarik bi bikoteen aldetik. Oiangukoek joko estrategia ondo pentsatuta bazeramaten ere, gauzak «uste bezala atera ez» zirela esan du Andonegik. 20 tantoen muga igarota, pilota aldatu eta «sentsazio hobeak» izan zituztela esan du. Une horretan, «partida haustea lortu» eta horrekin hasi ziren «gozatzen». Luzuriagak, partida amaieran pozez esan zuen «iazko arantza kendu» dutela garaipenarekin.
Alkortarentzat hitzak
Oier Alkorta azpeitiar gaztearentzat ere izan zituen hitz batzuk Luzuriagak, elkarrekin hasi baizuten txapelketa: «Alkortarekin jokatzen nuen lehenengo aldia zen eta oso gustura aritu naiz txapelketa osoan zehar. Lau partida jokatu eta lauak irabazi ditugu. Pena izan zen final erdietan mina hartu eta final honetan ezin jokatu izana, baina oraindik gaztea da eta kirol honetan ibilbide luzea du aurretik».