Erlea eta erlezaintza izango dira aste honetan protagonista Zegaman
Igandean, martxoaren 15ean, Erlezain Eguna egingo dute, eta Gipuzkoako 22. Ezti Lehiaketa jokatuko da. Mikel Untsain erlezainak hitzaldia egingo du gaur, 19:00etan
Udaberriaren etorrerarekin batera, badator Zegaman urtero ospatzen den Erlezain Eguna. Gipuzkoako erlezaintzan adituak bilduko ditu ekitaldiak. Martxoaren 15a, igandea, izango da egun handia Gipuzkoako 22. Ezti Lehiaketarekin, baina astean zehar ere ekintza ugari egingo dituzte, Zegamako Udalak antolatuta eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteak babestuta. Apiterapia, eztia eta erlezainak jarriko ditu erdigunean ekitaldiak.
Hasteko, gaur Mikel Untsain erlezainak bere esperientzia azalduko du kultur etxean, Bost erlauntzetatik hasita, erlezaintza ogibide bilakatzearen bidea izeneko hitzaldian. Gaur, 19:00etan izango da. Bihar, berriz, Angelo Jimenezen txanda izango da; Erleterapia eta bere aplikazioak hizpide, Jabier Otaegi kultur etxean egingo du hitzaldia 19:00etan. Ostegunean ere beste hitzaldi bat entzuteko aukera izango da: Aikorreko Aitor Otegik Udaberrian nola hasi lanak erlauntzan mintzaldia eskainiko du ordu berean, 19:00etan.
Igandean Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketa izango da. Iazko irabazlea Gabino Murua gabiriarra izan zen, bigarren postua lortu zuen Martin Mujika legazpiarrak, eta publikoaren saria Bittor Murgiondok irabazi zuen. Igandean erabakiko da 2020ko Gipuzkoako eztirik onena nork egin duen. Irabazleak txapela, garaikurra eta 150 euroko diru saria jasoko du, bigarrenak garaikurra eta 100 euro, eta hirugarren sailkatuak garaikurra eta 50 euro. Lehiaketa herrikoiaren saria irabazten duenak, aldiz, oroigarria jasoko du.
Egitarau oparoa igandean
Ezti lehiaketaz gain, beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek Erlezain Egunean. 10:00etatik 14:00etara bitartean, txistulariek kaleak girotuko dituzte, eta artisau azoka egongo da zabalik. Aranburu Mintegiko landareen erakusketa jarriko dute, eta Jakoba Errekondok azalpenak emango ditu baratzean loreen erabilpenari buruz. Kiroldegian Gipuzkoako gozogile onenen produktuen erakusketa izango da, eta 13:30ean gozokien sari banaketa egingo dute.
Bestalde, 10:00etan eta 12:30ean Rafa Gorrotxategi gozogileak egindako txokolatinen dastaketa eta txokolate tailerran parte hartzeko aukera egongo da. 10:30ean izango da Gipuzkoako Ezti Lehiaketa, kiroldegian, finalera iritsi diren 21 eztien artean. Sari banaketa 13:30ean izango da, kiroldegian bertan. 11:30ean haurrentzako kandela tailerra egingo da Anduetza Parketxean. Aitxuri Herri Eskolako ikasleek ere hartuko dute parte Erlezain Egunean; erlea gaitzat hartuta egindako marrazkiak erakusgai jarriko dituzte, eta 13:00ean marrazki gustukoen sari banaketa egingo da.
Bertso saioa herri eskolan
Arratsaldean, 18:00etan, bertso saioa izango da eskolako gimnasioan, Kasino elkarteak antolatuta eta Zegamako Udal Kultura Batzordeak babestuta, Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Alaia Martin eta Onintza Enbeitaren eskutik; Amaia Agirrek egingo ditu gai jartzaile lanak.